Thomas Struth alemaniarraren argazkiak Guggenheimen

Bizkaie! 2019-10-01 13:48   Kulturea

Lau hamarkadako ibilbidea batzen dau erakusketa barriak.

Bilbon egindako aurkezpena (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoak udagoieneko erakusketa handietako bat aurkeztu dau. Kasu honetan, argazkigintzea da ardatza, XX. mendearen bigarren erdiko eta mende honen hasierako artista nabarmen baten eskutik. Thomas Struth, 1954an Alemaniako Geldern urian jaioa, abila da argazkietan dotorezia teknikoa eta gogoetea buztartzen. 

Thomas Weski eta Lucía Agirre komisario dirala, lau hamarkadako ibilbidean Struthek ateratako hainbat argazki batzen ditu erakusketeak. Era horretara, ikusleak argazkilariaren obrearen garapena ikusi leike, hasierako sorkuntzetatik gaur egungoetaraino. 2020ko urtarrilaren 9ra arte ikusi ahal izango da Bilbon, Municheko Haus der Kunst museoagaz batera atondutako erakusketea.

Batez be, 40 urteotan Struthen obran eragin daben gizarte-gaiak lantzea da erakusketearen helburua. Izan be, egileak bere buruari eta ikusleei egiten deutsazan galderei erantzuten ahalegintzen da argazkien bidez: espazio publikoaren garrantzia, familia-loturen ahalmen bateratzailea, naturearen eta kulturearen balioa, teknologia barrien mugak... Struthek dotorezia formal handiko irudietan agertzen ditu gai sakonak. Behatzaile huts izatetik aliatu izatera eroaten dau publikoa.

Struthen hasierako ideak ondo bereizitako lan-moltsoakaz lotzen ditu erakusketeak: Toki inkontzienteak dalakotik hasita Familia-erretratuak, Museo-argazkiak, Publikoa, Paradisuko irudi berriak eta Toki hau izenekoetaraino.

Moltso horreek bestelako sorkuntzakaz batera aurkezten dira Guggenheimen, esate beterako: Berlin proiektua bideolana, 1997an Klaus vom Bruch bideo-artisteagaz lankidetzan egindakoa; Lindbergeko Ospitaleko gelak argazkiz apaintzeko egin zituan paisaje eta loren argazkiak; eta oraintsuko lanak, Natura & Politika eta Animaliak, besteak beste.

Indar handiko argazkiak ateratzen ditu Struthek, gai eta baliabide ugari alkarregaz batu, eta sorkuntzea eta analisia buztartzeko.

Thomas Struth, 'Kyoko eta Tomoharu Murakami', Tokio, 1991 (argazkia: Thomas Struth/Guggenheim Bilbao Museoa)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu