Open House Bilbaok 33.000 bisitari baino gehiago izan ditu

Bizkaie! 2019-10-01 13:46   Kulturea

Ekitaldia finkatu egin da Bilbon eta Barakaldon eta harrera ona izan dau Getxon.

Bisitari gehien Bilboko udaletxeak, La Cava etxeak, Ibaigane jauregiak, Bidebarrietako liburutegiak, Barakaldoko Munoa Jauregiak, Leioako Artatza Jauregiak eta Getxoko Etxe Sorginduak jaso ditue, bakotxak 1.000 bisitari baino gehiago. Jarduera osogarri guztietan leku guztiak bete ziran.

Bilbok, Barakaldok eta Getxok bat egin dabe Open House Worlwide nazinoarteko sarea osotzen daben 40 uri baino gehiagoren arteko ekintza honegaz, arkitekturearen eta urigintzearen arloko bikaintasunaren zabalkundea eginez.

Open House Bilbao finkatu egin da Euskadiko arkitektura-ekitaldi nagusi moduan. Aurreko asteburuan egindako hirugarren edizinoan, jaialdiak 33.000 bisitari baino gehiago jaso zituan. Irailaren 28an eta 29an, Bilboko, Barakaldoko eta Getxoko 81 eraikin eta Leioako Artaza jauregia doban bisitetako aukerea egon da eta holan, jentearentzat arkitektura-balio handiko eraikinak ezagutu eta urbanismoa balorau ahal izan da, hori guztia aldez aurretik izenik emon beharrik barik.

Itsasadarra ardatza izan da, eta haren bidean hainbat arkitektura-lan eta paisaje ezagutu ahal izan dira, gune desbardinen eta bizilagunen arteko lotura historikoak eta hartu-emonak zeintzuk izan diran jakiteko bidea emonez.

631 boluntario ibili dira jaialdian laguntzen eta bisita gidatuak egiten. Ganera, pegatinen sistemeari eta eskaintza zabalari esker, hobeto kudeatu eta kontrolau ahal izan da bisitarien kopurua, itxaronaldiak neurrizkoak izan dira-eta.

Era berean, jarduera osogarri guztietan (Open Txiki, Open Itsasadarra, Open Ibilbideak) leku guztiak bete ziran.


Open House Bilbao

Bilboko Udalaren parte-hartze bidezko aurrekontuetan 2017an sortutako proiektua da, OUT alkarteak sustatutako proiektua, hain zuzen ere, bera baita Open House Bilbao markearen ordezkaria, Open House Worldwide nazinoarteko sarearen markoan. Aurten, Barakaldoko Udalaz eta Getxoko Udalaz gan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak be lagundu dabe, beste erakunde eta soziedade batzuen artean.

Open House nazinoarte-mailako jaialdia da, arkitektureari eta urigintzeari buruzkoa; 1992an egin eben lehenengoz Londresen. Helburua herritarren artean diseinuaren eta arkitekturearen presentzia sustatzea da. Urteen joanean jaialdia beste uri batzuetara be zabaldu da, arkitekturan eta diseinuan abangoardian dagozan urietara. Egun, 40 uri baino gehiagotan egiten da jaialdia, besteak beste, New York-en, Helsinkin, Bartzelonan eta Melbournen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu