Zinebiren Ohorezko Mikeldia, Márta Mészáros hungariarrari
2019-10-01 11:23 ZinemeaZinema garaikidean bardintasunari egin deutsan ekarpena nabarmendu dabe Bilboko jaialdikoek.
Zemendiaren 8tik 15era egingo dabe Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren, Zinebiren 61. edizinoa. Pixkanaka, antolatzaileak jaialdiaren nondik norakoak jakitera emoten dabiz. Gaur bertan zabaldu dabenez, aurtengo Ohorezko Mikeldi Saria Márta Mészáros zuzendari eta gidoilari hungariarrari emongo deutsie.
Zinebiko arduradunek adierazo dabenez, Mészárosek ekarpen handia egin deutso zinemagintza garaikideari. Ganera, hungariarrak bere lanbidearen bidez bardintasunaren alde agertu dauen ekina autortu gura dabe Ohorezko Mikeldia emonaz.
Jaialdiaren azken egunean, zemendiaren 15eko Amaierako Galan, emongo deutsie Mikeldia Mészárosi, Arriaga Antzokian. Bezperan, 14an, zuzendari hungariarraren film nabarmen batzuk proiektauko ditue Arte Eder Museoan. Besteak beste, 1975ean Berlinen Urrezko Hartza irabazi eban Örökbefogadás pelikulearen kopia barriztatua.
Budapest uriburuan jaio zan Mészáros, 1931n, eta zinemagintzeari ekin eutsanean, film labur dokumentaletan ibili zan batez be. Eltavozott nap (1968) izan zan bere lehenengo lan luzea, Valladolideko Nazinoarteko Jaialdiko sariduna. Hungarian emakume batek zuzendutako lehenengoa be bazan.
Dokumentala eta ikutu autobiografikoak buztartzen ditu Mészárosek film gehienetan. Iragana ukatzea, zintzotasunik ezaren ondorioak, genero arazoak, gurasoen bila dabizan gazteak eta umeak izan nahi dituen emakumeak sarri agiri dira bere lanean. Cannesen irabazle izan zan Napló gyermekeimnek (1984) da hungariarraren filmik ospetsuena. 1986an, Zinebiren 28. edizinoko Sail Ofizialean hartu eban parte (orduan Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburraren Nazinoarteko Sariketea zan izena), Ave Maria dokumentalagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!