Passion for Knowledge (P4K), zientzia egunak gurean
2019-10-01 10:07 KultureaSei Nobel saridun eta puntako zientzialariak, zientziaren eta herritarren topaleku izateko.
Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroak antolatuta, urriaren 5era, azken urteotako aparteko aurkikuntza zientifikoetan protagonista izan diran ikertzaile handiek parte hartzen dagoz jaialdian.
Passion for Knowledge (P4K) 2019 jaialdiak herritar guztientzako jarduera-programa zabala eskainiko dau Donostian, Bilbon, Iruñean eta Bergaran.
Passion for Knowledge (P4K) ezagutzeagazko pasinoa dakarren jaialdia da, bere jardueretan parte hartzen daben milaka herritarrakaz batera. Laugarren edizinoa 2019ko iraileran 30etik urriaren 5era egingo da, Donostian, egoitza nagusi dauen urian, baita Bilbon, Iruñean eta Bergaran be. Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroa da jaialdiaren antolatzailea.
Azken urteotako aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenetakoen protagonista izan diran ikertzaile handiek parte hartuko dabe jaialdian, Victoria Eugenia antzokian, Guggenheimen edo Baluarten egingo diran berbaldietan eta Nobel saridunakaz eta mundu mailako adituakaz ikasten jarraitzeko.
Jaialdiaren programa zabalak, berbaldiak ez eze, hainbat publikorentzako jarduerak batzen ditu: topaketak bigarren hezkuntzako ikasleen eta zientzialarien artean, Naukas saioak, erakusketak, umeentzako tailerrak, ikuskizunak, proiekzinoak...
2019an, Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazinoarteko Urtea da, eta Passion for Knowledge (P4K) jaialdiak bere osogaietako bat omenduko dau: wolframioa (W), 1786an Elhuyar anaiek lehen aldiz Bergaran isolatu eben elementua.
Kontuak kontu, gaur Ikerbasque Sariak hartuko ditue Maia Garcia Vergnioryk eta Aitziber Lopez Cortajarenak, Victoria Eugenia Antzokian, arratsaldeko 19:30ean hasiko dan ekitaldian.
Egitarauko kontuakaz jarraituz, bihar, hilak 2, Bertso Passion izango da, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Iñaki Murua, William Friedman, Dudley Herschbacj, Maria Martinon Torres eta Jean Pierre Sauvage tartean dirala. Aurkezlea: Felix Zubia medikua eta bertsolaria izango da.
Beste alde batetik, hainbat Nobel Saridunen eta mundu mailako adituen eskutik, herritarrek aukerea izango dabe astrofisika, software injinerutzea, fisika kuantikoa, neurozientzia, botanikea eta biomedikuntzea lako gaietara hurreratzeko. Esplorazino istorioek, zientziaren erronkek eta ezagutzeagazko pasinoak bat egingo dabe, jaialdiko jarduera nagusi honetan.
Berbaldi nagusiak egunero eskainiko dira Victoria Eugenia Antzokian. Gainera, urriaren 3an, gonbidatutako zientzialari batzuekaz gozau ahal izango dagu Bilboko Guggenheim Museoan, eta urriaren 4an Iruñeko Baluarten. Berbaldi nagusi guztietarako sarrerea librea eta dobakoa da lekuak bete arte, baina aldez aurretik izena emotea gomendatzen dabe antolatzaileek.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!