Aritz Egeak barriro irabazi dau Gorbeia Suzien

Bizkaie! 2019-09-30 08:01   Kirola

Emakumeetan, Yngvild Kaspersen izan da onena, errekor eta guzti.

Urtebeteko etenaren ostean, indartsu bueltau da Gorbeia Suzien mendiko lasterketea. Antolatzaile, parte-hartzaile eta zaleen arabera, deskantsuak on egin deutso lasterketeari. Eguraldi bikaina lagun, publikoak korrikalarien lanagaz disfrutau eban atzo, domekea, Arrabako landetan, Gorbeiako aldatzetan zein Aldaminetik Zeanurirako jatsieran.

2017ko irabazleak, Aritz Egea gipuzkoarrak, barriro lortu eban garaipena gizonezkoen arloan, 3:07:33 denporeagaz. Asier Larruzea bizkaitarra (3:10:05) eta Pere Rullán (3:13:34) izan ziran bigarren eta hirugarren.

Emakumezkoetan, ostera, Norvegiara joan zan lehenengo postua. Yngvild Kaspersen alde handiz izan zan onena (3:34:32), eta 2017tik Ingrid Mutterrek eukan errekorra hobetu eban. Euskal zaleen berotasuna eskertu eban Kaspersen irabazleak. Podiuma euskal herritar bik osotu eben: Andrea Garay arabarrak (3:53:46) eta Maria Zorroza bilbotarrak (3:55:51).

Mendi lasterketetako Bizkaiko txapelketea be jokoan izan zan Gorbeia Suzienen barruan. Gizonetan, Ander Larruzeak irabazi eban, sailkapeneko bizkaitarrik onena izan zalako. Emakumezkoetan, Maria Zorrozak jantzi eban txapela.

2019ko Gorbeia Suzienen Gorbeiako Kurutzea eta Aldamin tontorrak igon zituen korrikalariek, 2.300 metroko desnibel positiboa 31 kilometroko ibilbidean. Barikuan jokatutako kilometro bertikalean, ostera, San Justotik Lekandara ia mila metroko desnibela bete eben 4,2 kilometroan. Gizonezkoen kilometro bertikalean, Antonio Alcaldek irabazi eban, eta, emakumeetan, Yngvild Kaspersenek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu