Paxton Wintersen 'Pacificado' filmak irabazi dau Urrezko Maskorra
2019-09-30 08:05 ZinemeaArregi, Garaño eta Goenagaren La trinchera infinita-ren zuzendaritza lana, gidoia eta Irizar eta Fipresci sariak eroan ditu filmak.
AEBetan jaioa izan arren Paxton Winters zinemagilea Brasilgo favela batean bizi da azken zazpi urteotan eta errealidade hori erakutsi nahi izan dau Pacificado filman. Eta horregatik, Morro dos Prazereseko komunidade osoari emon eutsozan eskerrak. Neil Jordan epaimahaiburuak emon eutson garaikurra. Gaueko beste irabazle nagusia Moriarti zinemagile taldea izan da, La trinchera infinita lanari esker Zuzendari onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi dabelako Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak, baita gidoi onenaren saria, Euskal Zinemaren Irizar Saria eta kritikearen Fipresci saria be.
Fikzinozkoa da Wintersek Pacificado-n kontau dauen istorioa. Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoen egunetan, eta favelak baketzeko Poliziak martxan jarritako planaren testuinguruan kokatu dau filma zinemagileak, indarkeria eta pobrezia nagusi diran giroan. Giza hartu-emonetan jarri dau, barriz, begiradea; kartzelatik urten barri dan trafikatzaile ohi baten eta 13 urteko alabearen arteko hartu-emonetan.
Errealidadean favelan bizi dan Cassia Nascimento gazteak egin dau alabearen zeregina eta Bukassa Kabengele aktoreak gizonezko protagonistearena. Hain zuzen, egindako lanagaitik Gizonezko aktore onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi dau Kabengelek. Aktorea ez zan ekitaldian izan, baina pelikulan lankide izan dauen Debora Nascimento antzezleak haren gutuna irakurri eban. Brasilgo baltz eta indigena guztiei eskaini eutsen saria. Argazki onenaren saria be irabazi dau filmak, Laura Meriansek eginiko lanari esker.
Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi dabe Aitor Arregi, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak La trinchera infinita filman egindako lanagaitik. Ondoren, gidoi onenaren saria jaso eban Goenagak, Luis Bermejohaz batera irabazi dauena. Gidoia filmaren prozesu osoan garatzen dala esan eban Goenagak eta aktoreen konplizidadea funtsezkoa izan dala nabarmendu eban, eskerrak emoteagaz batera. Saria Juanmi Gutierrez zinemagileari eskaini eutsen, zinemagile bikaina ez eze, askoren irakasle eta persona berezia zala esan eban Garañok.
Beste alde batetik, Epaimahaiaren Sari Berezia, Alice Winocour zinemagilearen Proxima filmarentzat izan da, ama dan astronauta baten eta alaba txikiaren arteko loturea ardatz dauen lana.
Emakumezko aktore onenaren Zidarrezko Maskorra, ex aequo irabazi eben Greta Fernandezek eta Nina Hossek, hurranez hurran, La hija de un ladrón (Belen Funes) eta Das Vorspiel / The Audition (Ina Weisse) filmetan egindako lanagaitik.
Gizonezko aktore onenari Zidarrezko Maskorra, barriz, Kukassa Kabengelek irabazi dau Pacificado filman egindako lanagaitik.
Sarituen artean, Iban del Camporen Glittering Misfits lanak epaimahaiaren aitamen berezia jaso eban. Kutxabank-Zuzendari Barriak sailean, barriz, Jorge Riquelme Serranoren Algunas bestias filmak eroan dau, eta Sestra / Sister (Svetla Tsotsorkova) lanari aitamen berezia egin eutson epaimahaiak. Eta aitamen berezia Zabaltegi-Tabakalera saileko epaimahaikideek be, kasu horretan, Damien Manivelena Les enfants d'Isadora lanari. Sari nagusia, barriz, Ich war zuhause, aber (Angela Schnalec) filmari emon eutsen.
Perlak sailean ikusleak dira lan irabazlea aukeratzen dabenak eta aurtengo Donostia Uria Publikoaren Saria Olivier Nakache eta Eric Toledano zinemagileen Hors normes / The Specials filmari emotea erabaki eben. Sail berean, Ken Loachek zuzendutako Sorry We Missed You pelikulak irabazi dau Europako lan onenaren saria.
Horizontes Latinos sailean, Romina Paularen lehen lanari emon eutson epaimahaiak saria, De nuevo otra vez filmari, eta aitamen berezi bategaz nabarmendu La bronca, Diego eta Daniel Vegarena.
Zinema Eregiten saria, barriz, Fernanda Valadezen Sin señas particulares filmak eroan dau. Eta Glocal in Progress programako sariduna More Raça kosovoarraren lehen film luzea izan da, Galaktika e Andromedes. Europako hizkuntza ez hegemonikoren batean grabau eta posprodukzino fasean dagozan lanak laguntzen ditu programak.
Gazteriaren saria Las buenas intenciones filmari emotea erabagi dau 150 gaztek baino gehiagok osotutako epaimahaiak. Ana Garcia Blaya zuzendari argentinarrak Zuzendari Barriak sailean aurkeztu dau opera prima dana. Nest Film Students XVIII. topaketako epaimahaiak Tomas Paula Marques portugaldarraren Em caso de fogo lana saritu dau.
Jordan buru, Pablo Cruz eta Katriel Schory produktoreek, Barbara Lennie eta Mercedes Moran aktoreek, eta Lisabi Fridell argazki zuendariak osotu dabe aurtengo Sail Ofizialeko epaimahaia.
Donostiako 67. Zinemaldiko palmaresa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!