Kerman Lejarraga, Maria Redondo eta Ainhoa Etxebarria protagonista Euskal Kirolari-ren denporaldi barrian

Bizkaie! 2019-09-26 12:24   Kirola

Ekimenaren helburu nagusia euskerea kirol munduan sustatzea da.

Eusko Jaurlaritzeak sustatutako Euskal Kirolari proiektuak bere hirugarren denporaldiari ekin barri deutso, izan be, asteon zabaldu da sasoi barriko lehen bideoa, eta Kerman Lejarraga boxeolari morgarra da lehen protagonistea; beragaz batera, denporaldian zehar beste hainbat kirolarik azalduko dabe zelan bizi daben euskerea euren kiroletan. Aurtengo barritasun nagusietako bat da ez dala aurkezle bakarra izango: Egoitz Txurruka Txurru-gaz batera, beste hainbat lagun ibiliko dira aurkezpen lanetan: Ainhoa Etxebarria aktore eta aurkezlea, Maria Redondo abeslari eta Goazen-eko aktorea, Xabin Fernandez kazetaria edota Aiora Mujika youtuberra azalduko dira Euskal Kirolariren sasoi barrian.

Denporaldi barriko lehen bideoan, Kerman Lejarragak boxeoaren arau eta zehetasunak azaldu deutsoz Aiora Mujikari, eta nabarmendu dau kirol honetan entrenamendua, laguntasuna, osasuna eta dibersinoa dirala nagusi. Beste bideoetan Xabin Fernandez kazetaria Stand Up Paddle-agaz ausartu da Debako Yako Surf Eskolan eta Egoitz Txurrukak hondartza-bolibol klase bat jaso dau Aitor Lizarazu Bera Berako jokalariaren eskutik. Datozen asteotan bestelako diziplinak agertuko dira Euskal Kirolarin, berbarako, entrenamendu funtzionala, Iñi Vicens entrenatzailearen eskutik, edota yoga, María Redondo Goazen-eko aktoreari esker.


Euskerea, kirola eta teknologia barriak

Euskal Kirolariren helburu nagusia euskerea kirol munduan sustatzea da, batez be gazteen artean. Eta horretarako ardatz nagusi bi ditu: teknologia barriak eta kirolaren munduan erreferentzia izan daitekezan personak, influencer-ak. Holan, bideo laburren eta sare sozialen bitartez kirolari ezagunek euskereak kirol jardueran dauen garrantzia nabarmenduko dabee. Ondoren, material hori guztia sare sozialetan, eskola kirolean eta kirol federatuan zabaltzen da. Eusko Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendaritzeak eta Jarduera Fisikoa eta Kirol zuzendaritzeak bultzatu dabe ekimena.

Proiektu honen lehen fasean honako kirolariek hartu eben parte: Aritz Aranburu (surflaria), Mikel Landa (txirrindularia), Nerea Perez (arraunlaria), Kepa Arrizabalaga (futbolaria), Matxalen Ziarsolo (eskubaloi jokalari ohia), Julen Goia (errugbi jokalaria) eta Iñigo Martinez (futbolaria). Bigarren denboraldian agertu zirenen artean, Imanol Agirretxe eta Xabi Prieto futbolariak, Alex Anasagasti crossfit-eko kirolaria, Basque Team taldeko Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea, Esther Arrojeria Bera-Bera eskubaloi taldeko kapitaina, Markel Alberdi igerilaria (Basque Team), Helene Alberdi eta Ainhoa Murua triatloilariak (Basque Team) edota Asier Garcia (Basque Team) gurpildun aulkiko saskibaloi jokalaria.

Proiektu honetan grabau eta grabauko diran bideo guztiak Euskal Kirolari-ren youtube-ko kanalean konsultau daitekez. Facebook-en eta Instagram sare sozialetan be badabil Euskal Kirolari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu