'Dantza' filmari emon deutsie EZAE Saria
2019-09-25 12:24 ZinemeaTelmo Esnalen lanaren kalidadea eta arrakastea nabarmendu ditue.
Euskadiko Zinema Aretoen Alkarteak, EZAEk, Dantza filmari emon deutso urteroko saria, Donostian egindako ekitaldi baten. Telmo Esnal zuzendaria ez eze, filmean parte hartu daben beste hainbat lagun be izan dira ekitaldian, produktoreak (Txintxua Films), jantzariak eta Juan Antonio Urbeltz aditua, besteak beste. EZAEko ordezkariak be egon dira.
Aurtengo EZAE Saria Dantza-ri emoteko, hainbat arrazoi aitatu ditu Zinema Aretoen Alkarteak. Batetik, publikoak emondako erantzuna: Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu eta gero, hainbat astez egon zan aretoetan ikusgai, eta 42.000 ikusle inguru erakarri zituan. Nazinoarteko jaialdietan be erakutsi dabe.
Bestetik, filmaren kalidadea be aitatu dau EZAEk, originaltasun handiko lana dala dino. Horren erakusgarri, Donostiako Zinemaldian jasotako sariak dira: 2017an, pelikulea amaitu aurretik, Glocal in Progress Industriaren Saria emon eutsien; 2018an, behin filma aurkeztuta, barriro saritu eben Glocal in Progress sailean.
EZAE Saria 2015etik emoten dabe euskal zinema aretoetako arduradunek. Lehenengo edizinoan Loreak saritu eben, 2016an Amama eta 2018an Handia. 2017ko edizinoa berezia izan zan, pelikula bat saritu beharrean, Juanba Berasategi hilbarriari omenaldia egin eutsien eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!