Film luze eta laburrak, Zinemakumeak Gara! zikloan

Bizkaie! 2019-09-25 08:05   Zinemea

Urriaren 14tik 21era egingo dabe aurtengo edizinoa.

Erakundeetako eta antolakuntzako ordezkariak, zikloaren aurkezpenean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon antolatzen diran zinema jaialdien artean beteranoetako bat da Zinemakumeak Gara! zikloa. Aurten 24. edizinoa beteko dau, lehenengo urteko helburuari eutsita: emakumeek zinemagintzan egindako ekarpena publikoari erakustea eta emakume zuzendarien lana aldarrikatzea. Pelikulez gan, berbaldiak eta mahai-inguruak atondu ditue, urriaren 14tik 21era.

Oraingo honetan, azkenaldiko olde feministan ipiniko dau arretea zikloak, antoltzaileen arabera. Emakumeen kontrako erasoen aurrean, eta aldarrikapen feministak oinarri, mobilizazino jentetsuak egin dira azkenaldion herrialde askotan. Martiaren 8ko greba eta manifestazinoetan jo eban goia olatu horrek.

Hortaz, Zinemakumeak Gara!-ren egitarauko film gehienek mobilizazino horreek eragindako aldaketak, gogoetak eta abar jorratzen ditue. Aurtengo edizinoaren leloak be bat egiten dau gai nagusiagaz: Aldaketearen zurrumurrua.

Programazinoari jagokonez, zazpi film luze eta bederatzi labur proiektauko ditue, danak emakumeek zuzendurikoak. Urriaren 14an, zikloari ekiteko, Alejandra Marquezen Las niñas bien emongo dabe BBK Salan. Bai Xue, Nina Paley, Tonia Mishiali, Gaya Giji, Romina Paula eta Lila Avilesen film luzeak be proiektauko dira, hilaren 21era bitartean.

Proiekzinoak eztabaidarako abiapuntu izango dira. Lan bakotxa ikusi eta gero, feminismoagaz lotutako gaiak landuko ditu publikoak, adituen laguntzinoagaz. Isabel Otxoa, Itziar Gandarias eta Susana Carramiñana, bestetik, mahai-inguru baten alkartuko dira. Ezezagunak saileko izar konbidadua Ana Diez zuzendari eta gidoigilea izango da.

Emonaldiak BBK Salan, Campos Antzokian, Azkuna Zentroan eta Bilborocken izango dira. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k babesten dabe Zinemakumeak Gara!. Ganera, Simone de Beauvoir Saria emoteko aprobetxauko dabe hitzordua. Puy Oria produktorea sarituko dabe.

Txakur Gorria kolektiboak egin dau 2019ko kartela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu