'Joker' da Zinemaldiko film-sorpresea

Bizkaie! 2019-09-24 08:40   Zinemea

Irailaren 28an proiektauko dabe Todd Phillipsek zuzendutako lana.

Aurreko edizino batzuetako ohiturea berreskuratu, eta film-sorpresea izango dau Donostiako 67. Zinemaldiak. Hau da, sarrerak irailaren 15ean ipini zituen salgai, baina jaialdia martxan egon arte ez dabe filmaren izenburuaren barri emon. Azkenik, amaitu da zaleen ezinegona: Joker izango da pelikula ezkutua.

Venezian Urrezko Lehoia irabazi barri etorriko da, beraz, Joker Donostiara, irailaren 28an, Zinemaldiko azken egunean. Victoria Eugenia Antzokian izango da emonaldia, arratsaldeko 18:00etan. Zinema-aretoetan urriaren 4an estreinauko dabe. Hortaz, sarrerak erosi dituenek urteko nobedade handietako bat ikusi ahal izango dabe aretoetara heldu aurretik.

Todd Phillipsek zuzendu dau Joker, berak idatzitako gidoian oinarrituta. DC Comics etxearen komikietako eta Batmanen abenturetako pertsonaia gaizto eta enblematikoa dan Jokerren beste ikuspegi bat emoten dau filmak, komikietako ezaugarri sinbolikoenei eutsita. Gotham urian bere lekua bilatu nahian dabilen gizona da protagonistea.

Hiru aldiz Oscar Sarietarako izentauta egondako Joaquin Phoenix aktoreak bete dau Jokerren papela. Oscar Saria irabazitako Robert de Niro da beste aktore nagusia. Eurakaz batera, filmean agiri dira Zazie Beetz, Frances Conroy, Brett Cullen, Bill Camp, Shea Whigham eta abar.

Warner Bros. Pictures etxeagaz batera, Donostiako Zinemaldiak beste uri batzuetan be emongo dau filma, hilaren 28an bertan. Hortaz, film sorpresearen atalak lehenengo aldiz urtengo dau Donostiatik. Honeek dira aukeratutako uriak: Madril, Bartzelona, Zaragoza, Valentzia eta Sevilla. Proiekzinoak Donostiakoaren ordu berean izango dira leku guztietan.

Donald Sutherland, Donostian

Zinemagintzako izarrak Gipuzkoako uriburura heltzen dabiz egunotan. Ikusmin handiena eragin dauenetako bat da Donald Sutherland aktore kanadarra, Donostia Sarietako bat berari emongo deutsie eta. Eguenean izango da ekitaldia, Kursaalean, eta bertan proiektauko dabe Giuseppe Capotondiren The Burnt Orange Heresy, Sutherland protagonista dauen film barria.

Dagoeneko Donostiara ailegau da Sutherland, eta zaleak agurtzeko tarte luzea hartu dau. Porter izeneko txakurragaz agertu da Maria Cristina hoteleko eskaileretan, dotore eta adeitsu, jenteari zenbat-gura autografo sinatu eta argazkiak ateratzeko prest.

Azkenik, eguneko beste protagonistea Txepe Lara produktorea izan zan. Zinemira Saria emon eutsien, euskal zinemagintzea bultzatzeko egindako lanagaitik.

Donald Sutherland, Donostiara heldu barri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu