Mendi Tour 16 uritara helduko da udagoienean
2019-09-23 12:33 ZinemeaZinemea, naturea eta abenturea buztartuko ditue zikloko pelikulek.
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia Bizkaiko uriburutik atera eta beste leku batzuetako zaleei eroateko modua da Mendi Tour zikloa. Urtero, arrakasta handia izaten dabe Bilbon ikusitako film onenen proiekzinoek. Irailetik zemendira, 16 uritan 37 proiekzino antolatu ditue.
2018ko abenduko Mendi Film jaialdian ikusitako pelikula batzuk aukeratu ditue udagoieneko ziklorako: The Dawn Wall, Everest Green, The Weight of Water, Viacruxis eta abar. Mendia, muturreko kirolak, abenturea eta naturea agiri dira pelikulotan.
Gaztela aldean hasiko da zikloa, Valladoliden, irailaren 30ean. Ondoren, Burgos eta Madrilera eroango dabe. Urriaren 17an Sopelan proiekzinoa egin eta gero, Leon, Salamanca eta Caceresen txandea izango da. Markina-Xemeinen urriaren 27an egongo da Mendi Tour, Errenteria eta Logroñora joan aurretik.
Getxon, geldiadi luzea egingo dau zikloak, lau egunez egongo dira proiekzinoak: zemendiaren 11tik 14ra. Mediterraneotik hur be ikusi ahal izango dira filmak, Malagako Alora herrian eta Alacanteko Ibin. Azken geltokiak, Basauri (zemendiaren 19an), Elgoibar (22an) eta Kantabriako Potes (22 eta 23an) dira. Azken herri hori, txikia dan arren, Mendi Tourren geltoki klasiko bihurtu da urteotan.
2019ko Mendi Tour urtarrilean hasi zan, eta, harrezkero, dozenaka emonaldi izan ditu. Antolatzaileen arabera, 10.000 ikusle inguru joan dira orain arte. Udagoieneko proiekzinoei esker, zenbaki hori potolotu egingo da. Ganera, ez da ahaztu behar, abenduaren 6tik 15era, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren hurrengo edizinoaren, hamabigarrenaren, txandea izango dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!