'Zinebi Networking. Dokumentalen Sorgunea'

Bizkaie! 2019-09-19 09:36   Zinemea

Susana Blasco diseinugile grafiko, ilustratzaile eta collage egileak asmautakoa da aurtengo kartela.

61. Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, Bilboko Udalak antolatuta, Udalagaz, Eusko Jaurlaritzeagaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz (BEAZ), Euskadiko Produktoreen Alkarteagaz (EPE-APV), ETBgaz eta Europa Creativa Desk Media Euskadigaz lankidetzan, Zinebi Networking, Dokumentalen sorgunea izeneko zinema dokumentalari buruzko bigarren foro profesionalerako deialdia edegi dau.

Produkzino fasean dagozan film luze dokumentalen proiektuak aurkeztu ahal izateko epea datorren urriaren 14ra arte egongo da zabalik.

Profesionalek eta adituek osotutako batzordeak, jaialdiko zuzendaritzeagaz batera, foroan parte hartzeko proiektu onenak aukeratuko ditu, zortzi gehienez.

Aukeraketa horretan, batzordeak, proiektu bakotxaren idea, proposamen estetikoa eta produkzinoaren bideragarritasun profesionala eta ekonomikoa hartuko ditu kontuan.

Horrezaz gan, proiektu bakotxaren aurkezpen publikoaren aurretik tutoretza saio personalizatua egongo da, sektoreko profesional batek abalauta, eta irabazleak 10.000 euroko laguntzinoa jasoko dau.

Jaialdiak sektoreko profesionalak deituko ditu epaimahaiko kide izateko, zuzendariei eta produktoreei aholkuak emateko, eta azaroaren 15ean, Arriaga Antzokian egingo den amaiera ekitaldian banatuko den 10.000 euroko laguntza duen saria emango du.

Aukeratutako proiektuek, gonbidatutako personei eta jente guztiari zabalik egongo dan pitching (proiektuen aurkezpena) saio batean hartuko dabe parte batzordearen aurrean, eta ondoren aholkularitza bilera personalak egingo dira produkzino etxe eta zinemagileen eta partaideen artean.

Zinebi Networking: dokumentalen sorgunea, euskal zineman indarra hartzen dagoan sorkuntzea sustatzeko eta ikus-entzunezkoak sustatzeko jarduerea da. Horretarako, foro honek gure industria egitura eta gure profesionalen prestakuntza dinamizau gura ditu, baita alkarren arteko ezagutzea, esperientzien trukaketea eta gure zinema industriako eta bost kontinenteetako herrialdetako eragileen eta erakundeen arteko lankidetzea be.

Gure esparruan zinema dokumental sortzaileak eta independenteak sortzea eta aurrera eroatea laguntzeko eta Euskadiko eta nazinoarteko produkzinoaren artean sinergiak ezartzeko modua da. Holan, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak (Zinebi) foro hau jasoko dau, talentu gaztea, dokumentalei buruzko ideak eta proiektuak erantzun handikoak izan daitezan aholkularitzea emongo deutsen profesionalakaz eta adituakaz hartu-emonetan jarteko aukera legez.


Kartela


Zinebik bere 61. edizinorako kartela aukeratu dau, Susana Blasco diseinugile grafiko, ilustratzaile eta collage egileak asmatua eta egindakoa. Lana karga sinboliko handikoa da eta ardatz nagusia kontzeptuzko egitura trinkoa da. Diseinuan artisteak jaialdiaren irudi deigarria, oso indartsua eta zuzena emon gura dau, aldi berean esangura eta irakurketa desbardinez betea eta persona bakotxaren interpretazinora zabalik. Begi handia da, eraikuntza-olgeta edo buru-hausgarri lez sortua, bata bestearen gainean jarten diran kuboakaz.

Holan, filmeetan barruko mamina eregiteko dagoan elementu nagusia aitatzen da, hau da, ikus-entzule bakotxaren begiradea. Begirada horrek zinema garaikidearen egungo panoraman dauen izakera kaleidoskopikoa eta konplexutasuna be nabarmentzen da, hori baita Zinebik urtero aurrera daroan lanaren lehengaia. Amaitzeko, jaialdiak, zinemeak herrialde guztietan dituan errealidadeen arteko topaleku eta lotune kritiko lez beteten dauen lekua be bata bestearen gainean jarritako kubo horreen bitartez dago irudikatuta, sariketearen programazinoa osotzen daben film laburrek eta luzeek erakutsitako aniztasun amaibakoa adierazoten daben bolumenak, mundu osoko zinema-areto ilunetan proiektoreak argitutako pantaila zuriak bezela argitutako kuboak.

Susana Blascok ia hogei urteko esperientzia dau diseinugile grafiko legez. Publizidadea eta Enpresa Zientziak ikasi zituan, eta zenbait arte eta diseinu ikastarogaz osotu zituan. Hamar urte baino gehiago egin eban lan diseinugile grafiko eta arte zuzendaritzan. 2007an, estudioa sortu eta prestakuntzea atzerrian zabaltzeko beka bat jaso eban. 2008an, Londresera joan eta bertan bizi izan zan 2011ra arte. Freelance egin zituan lanak Central Saint Martin’s College of Art and Design ospetsuan egindako ikastaroakaz buztartu zituan. Haren lana medio espezializatu askok azpimarratu dabe, eta banakako eta taldeko erakusketetan hartu dau parte Espainiako eta AEBetako, Portugalgo, Poloniako eta Esloveniako zenbait uritan. 2017an, Gràffica Saria jaso eban, collage teknikeari egindako ekarpenei esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu