Donostiako 67. Zinemaldiko sarrerak irailaren 15ean jarriko ditue salgai

Bizkaie! 2019-09-13 09:35   Zinemea

Aurtengo programazinoa eta Filmen Gidea irailaren 11an kaleratuko da.

Zinemaldiko emonaldi guztien informazinoa batzen dauen Filmen Gidea be egun horretatik aurrera egongo da eskuragarri Tabakalerako info puntuan 1,60 euroren truke, 10:00etatik 20:00ak arte. Irailaren 12tik aurrera, Donostia eta Gipuzkoako kiosko eta liburudenda nagusietan eskuratu ahal izango da, eta, hilaren 14tik aurrera, ohikoa dan legez, Kursaal Alkarguneko informazino puntuan (irailaren 14tik 19ra, 9:00etatik 20:00etara; eta irailaren 20tik 28ra, 8:30etatik 22:00etara) eta Okendo Plazako informazino gunean (hilaren 14etik 28ra, 9:00etatik 20:00etara).

Kontuak kontu, Donostia 67. Zinemaldiko sarrerak irailaren 15ean, domekan, jarriko ditue salgai, goizeko 9:00etatik aurrera, kanal guztietan: Zinemaldi Plazako leihatilan (Kursaaleko beheko pisuan), Kursaal Alkarguneko leihatiletan (Sail Ofizialeko abonamenduak eta 10 sarreratik beherako erosketak) eta internet bidez hemen. Donostia Sarien, inauguruazinoko eta klasurako galen sarrerak salgai jarri ziran orain aste batzuk.

Irailaren 20etik aurrera sarrerak honako lekuetan be erosi ahal izango dira: Victoria Eugenia Antzokian, Tabakaleran eta Principe Zinemetan. Irailaren 21etik aurrera Trueba eta Antiguo Berriko leihatiletan eskuratzeko aukera egongo da. Antonio Elorza Belodromoko sarrerak bertako leihatilan be egongo dira salgai, saioak hasi baino ordu bi lehenago.

Proiekzinoaren egunean bertan salduko diran sarrerak 08:30etik aurrera erosi ahal izango dira internet bidez, K1-eko arratsalde/gaueko saioetakoak izan ezik. Kasu horretan, sarrerak holan erosi beharko dira:

- 16:00etako saioen sarrerak salgai egongo dira 08:30etik aurrera interneten, Zinemaldi Plazako leihatiletan eta Kursaaleko leihatiletan.

- Arratsaldeko eta gaueko ganerako sarrerak 17:00etatik aurrera erosi ahal izango dira, Kursaaleko leihatiletan.

- Saio bakotxeko gehienez 4 sarrera erosi ahalko ditu persona bakotxak; 7,90 euro balio daben saioetarako 10 sarrera baino gehiago erostean % 25eko deskontua egingo da salmenta-kanal guztietan, baita leihatiletan be, baldin eta erosketa bakar batean egiten bada.

Internet bidez erositako sarrera guztiak etxean inprimidu edo eskuko telefonoan deskargatu ahal izango dira eta holan Home Ticketagaz aretora sartzeko aukerea egongo da, leihatiletatik pasau barik.

San Telmo Museoko proiekzinoak, Roberto Gavaldónen atzera-begirakoari lotutakoak, dobakoak dira, eta gonbidapenak Zinemaldi Plazako leihatiletan jaso beharko dira.

Bestalde, Kutxabanken Gazte Txartela dabenek (Visa K26 eta Visa K26+ txartelak) % 50eko deskontua izango dabe sarrera bakotxean, galetan eta abonamenduetan izan ezik. Gainera, euro bat baino ez dabe ordainduko euskerazko azpitituluak dituen filmetarako.

Donostia Kultura Txartela eta Gazte Txartela dabenek % 10eko deskontua izango dabe 7,90 euro balio daben saioetan. Donostia Kultura txartela Zinemaldi Plazako eta Victoria Eugeniako leihatiletan baino ezingo da erabili, eta Gazte-txartela, barriz, Zinemaldi Plazako leihatiletan baino ez.

Leihatilen ordutegiak, ordaintzeko moduak, deskontuak eta sarreren salmenten inguruko zehetasun eta baldintzak webgunean konsultatu daitekez Sarreren salmenteari buruzko informazinoa atalean, baita Filmen Gidako Eskuratu zure sarrera gunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu