Aviron Bayonnais izan da Euro Basque Rugby Challengeko lehen txapelduna

Bizkaie! 2019-09-09 08:09   Kirola

Proiektuaren asmoa da euskal errugbia indartzea, Iparraldeko taldeen maileari eutsiz,

Aviron Bayonnais talde lapurtarra da Euro Basque Errugbi Challenge txapelketaren lehen irabazlea, Biarritz Olympique-Pays Basque taldeari irabazi ostean eta, era berean, Ordiziak Angeluri irabazi deutso. EBRC-Euskal Errugbi Ligako azken partidu biak Altamira estadioan jokatu dira eta euskal errugbiaren uriburu bihurtu dabe Ordizia. Arola Urdangarin Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi Euroeskualdeko jarduneko zuzendaria eta Mathieu Bergé Euroeskualdeko ordezkaria izan dira lehen txapelketa honen garaikurra emoteko arduradunak.

Talde baionarra 17-10 nagusitu da lehen zati bikaina egin ostean. Avironek zein Biarritz Olympiquek espoir-ak (23 urtetik beherakoak) eta lehen taldeko profesionalak buztartu ditue taldeetan.

Ordiziak be finaleko partidua irabazi egin dau, 50-7 Angeluren kontra. Ordiziak ez dau kalerik egin nahi izan zaleen aurrean eta partidu serioa egin dau hasieratik. Txapelketa osoan zehar izandako emoitzak kontuan hartzen diranez, Aviron bihurtu da txapeldun, ez dauelako0 norgehiagokarik galdu txapelketan. Biarritz Olympique bigarren sailkatua izan da sailkapen orokorrean.

EBRC-Euskal Errugbi Ligako lehen edizinoa proiektu pilotu moduan antolatu da, ligaxka-formatuan, abuztuaren 17tik irailaren 7ra bitartean. A taldean, Aviron Bayonnais, Hernani eta Getxo taldeak lehiatu dira, eta B taldean, barriz, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Ordizia eta Bera taldeek parte hartu dabe. Proiektu honen antolatzaileen asmoa da berori finkatzea eta datozen urteetan lehiaketa zenbait hilebetez egitea. Lehen edizio honen balorazinoa oso positiboa izan da, G-7aren goi-gailurrak eragindako gorabeherak bideratu behar izan diran arren. Arazo horreen ondorioz, hiru partidu bertan behera geratu ziran eta finala partidu bitan erabagi behar izan da. Halan da be, horren ondorioz, hain zuzen, errugbi jardunaldi ederra bizi izan da Altamira estadioan, jentez ganezka norgehiagoka bietan.

Mugaz gaindiko proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak bultzatua da, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko (Errugbi 64 Departamentu Batzordea) errugbi-federazinoakaz batera. EBRC-Euskal Errugbi Ligak emakumezkoen lehiaketea izango dau, baita 2. Serie bat be, datozen hilebeteetan aurkeztuko diranak. Lehenengo urtea izanik, lehiaketa guztiak liga murriztuaren formatuan egingo dira, baina helburua da proiektu hau datozen urteetan hazten jarraitzea.

Kirolaren ikuspegitik, proiektu honen asmoa da euskal errugbia indartzea, Iparraldeko taldeen mailea erabiliz, eta, era berean, Iparraldeko taldeei aukerea emotea masa sozialean eta harrobian hazteko, biztanleria aldetik Hegoaldean horretarako aukerak baitagoz. Horrezaz gan, kirol-esparruaz harago, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik adierazo dabenez, ekimenak aukerea emongo dau 'kultura bat eta hizkuntza bat konpartiduten dogun beste lurralde batzuekaz hartu-emonak estutzeko, kirolaren eta errugbiaren inguruan'. Era berean, ekimen honek aukerea emongo du Euroeskualdearen eta Euskadi-Nafarroa-Akitania Barria ardatzaren proiektua Europan indartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu