Aritz Aranburu, Leticia Canales, Nadia Erostarbe eta Ariane Ochoa Japonian lehiatuko dira

Bizkaie! 2019-09-04 12:08   Kirola

Samoa Amerikarrak, Libanok, Maldivek, Sri Lankak eta Tailandiak debuta egingo dabe ISA World Surfing Games txapelketan.

Miyazaki (Japonia) urian, 2019ko irailaren 7-15era jokatuko dan ISA World Surfing Games 2019 txapelketeak inoizko parte-hartze handiena izango dau: 55 herrialdetako 240 kirolari sailkapen olinpikoaren bila (Tokyon, 2020ko Joku Olinpikoak) izango dira, besteak beste, Basque Team-eko Aritz Aranburu, Leticia Canales, Nadia Erostarbe eta Ariane Ochoa.

Samoa Amerikarrak, Libanok, Maldivek, Sri Lankak eta Tailandiak debuta egingo dabe ISA World Surfing Games txapelketan.

Emakumeek parte-hartze errekorra ezarriko dabe (103 emakumek surfeauko dabe, lehiakideen % 43) eta Nippon Surfing Associationek (NSA) egindako proposamen bikainari jarraituta, bere surfagaitik ezaguna dan Miyazakiko Kisakihama hondartzea aukeratu dabe ekitaldia hartzeko. Surflariak 2019ko WSG txapelketaren bitartez sailkatuko dira, herrialde bakoitzak ezarritako oinarrien arabera. Aukerak dituzten Europako, Afrikako, Asiako eta Ozeaniako surflari onenak izango dira lehian, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan. Amerikako herrialdeek, berriz, 2019ko Joko Panamerikanoetan izango dute sailkapena jokoan. ISAk jarraian hirugarren aldiz antolatuko du Japonian mundu mailako ekitaldi bat.

Taharan, Japonian, jokatu eben 2018ko World Surfing Games txapelketea eta 2017an VISSLA ISA World Junior Surfing Championship be Japonian jokatu eben, Miyazakin batuta diziplinako talentu nagusiak. Kisakihamako hondartzea Japonian surfa egiteko leku onenetakoa da; olatu apartak ditu eta hainbat aldiz eliteko txapelketak bertan antolatu ditute.

55 herrialdek baieztatu dabe 2019ko ISA World Surfing Gamesetan lehiatuko dirala. Ekitaldiak Olinpiar Jokoetan egoteagaz ames egiten daben 240 kirolari batuko ditu. Aurreko partehartze errekorra 47 kirolarikoa izan zan 2017ko ISA World Surfing Gamesetan, BIarritzen, hain zuzen be.

Emakumezkoen parte-hartze errekorra be (93 kirolari 2018an) gaindituko da, 103 emakumek surfeauko dabelako txapelketan, lehiakideen % 43.

2019ko WSG historikoa izango da, lehen aldiz Tokio 2020rako zuzeneko sailkapenak emongo diralako. Ekitaldia hierarkikoa dan prozesu baten zatia da; prozesu horren barruan dagoz 2019ko Surf Ligako Munduko txapelketea, 2020ko ISAko Munduko Surf Jokoak eta 2019ko Limako Joko Panamerikarrak.

Munduko surflaririk onenak izango dira Japonian, besteak beste, Kelly Slater (AEB), Carissa Moore (AEB), Stephanie Gilmore (AUS), Julian Wilson (AUS), Gabriel Medina (BRA), Filipe Toledo (BRA), Tatiana Weston-Webb (BRA), Jordy Smith (RSA), Johanne Defay (FRA), Jeremy Flores (FRA) edota Michel Bourez (FRA).

Horrezaz gan, 2018an banakako txapelketan urrea irabazi ebenek titulua defendiduko dabe eta, esangura horretan, birritan txapeldun izan diran Sally Fitzgibbons australiarra eta Santiago Muñiz argentinarra hirugarren urrezko dominearen bila joango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu