V. Benito Ansola sarirako lanak aurkezteko epea irailaren 20an amaituko da

Bizkaie! 2019-09-03 12:27   Zinemea

18 eta 36 urte arteko gazteen lanak sustatzeko helburua dau sariak.

'Atsolorra', Ruben Rosas | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilereak euskal kulturea zabaltzeko eta gazteei euskerazko ikus-entzunezkoak egiten laguntzeko antolatu dabe bosgarren Benito Ansola Saria, EHUko Mikel Laboa katedrearen babesagaz eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzearen laguntzinoagaz.

Aurreko lau edizinoetan Benito Ansola saria jaso daben sortzaile gazteek ibilbide oparoa urratu dabe ikus-entzunezko produkzinoan, horreen artean dagoz, besteak beste, Paul Urkijo (Errementari), Maider Elorza (Ancora Lucciole) eta Irati Cano (Lehioak). Azken edizinoa irabazi eban Ruben Rosas donostiarrak Atsolorra labur dokumentala aurkeztu eban.

Amateurrak profesional bihurtzeko erabili leikien giltza da Benito Ansola, euskerazko zinemagintzea bultzatzeko. Irabazleak, 3.000 euroko saria jasoteaz gan, lanaren gaineko ikusmirea sortuko dau, Euskal Zine Bileran estreinauko baita proiektua.

Bosgarren edizino honetan parte hartu nahi daben gazteek, proiektuak (fikzinoa, sortzailea, animazinoa edota dokumentala) 2019ko irailaren 20a baino lehen aurkeztu behar ditue. Benito Ansola Sarien oinarriak hemen dagoz osorik eskuragarri.

Saritutako proiektuaren izena 2019ko Lekeitioko Euskal Zine Bilerearen zarratze ekitaldian jakinarazoko da, zemendiaren 30ean. Irabazleak, izendapena jaso eta 2020ko irailaren 4ra bitarteko epea izango dau ikus-entzunezkoa amaitu eta antolakuntzeari helarazoteko.


Hainbat barrikuntza dakarz V. edizinoak

Bosgarren edizino honetan, hainbat barrikuntza dagoz sariketearen oinarrietan. Tartean, irabazlea aukeratzeko prozesuan, hiru lanen aurre-aukeraketa bat izango da; egileek Lekeition egingo dan Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dabe proiektua epaileen aurrean eta horreen artean erabagiko da V. edizino honetako irabazlea. Saritutako proiektuaren izena Euskal Zine Bilerea zarratzeko ekitaldian jakinarazoko da, eta 10 hilebeteko epea izango dau aurkeztutako proiektua egiteko.

Benito Ansola sariei buruzko informazino guztia (Oinarriak, aurreko edizinoak, aurreko edizinoetako irabazleak...) www.kameratoia.eus webgunean dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu