Mundu osoko gastronomia, Culinary Zineman

Bizkaie! 2019-09-03 11:22   Zinemea

Bederatzi film luze eta lau labur aukeratu ditue sail horretarako.

'Gazta' filma Culinary Zinemarako aukeratu dabe | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemagintzea eta gastronomia buztartzen dituan saila da Culinary Zinema, Donostiako Zinemaldiaren barruan. Aurten, 9. edizinoan, hainbat lekutako filmak aukeratu ditue: Euskal Herrikoak ez eze, Koreako, Argentinako eta Japoniako lanak dagoz, besteak beste.

Bederatzi film luze eta lau labur programauko ditue. Ganera, horreetako zazpik afari tematikoa izango dabe irailaren 22tik 27ra Basque Culinary Centerren, Ni Neu jatetxean eta Tabakalerako LABe eremu barrian. Emonaldi afaridunetara joateko sarrerak barikuan jarriko ditue salgai.

Yoshihiru Fukagawa japoniarrak Donostiara ekarriko dau Sora no restaurant filmaren Europako estreinaldia. Gaztagile bat da filmaren ardatza: lagunakaz batera egun bateko jatetxea sortzea otu jako. Herrialde beretik dator Takashi Watanaberen Le chocolat de H. film luzea. Kasu honetan, txokolatearen eta pastelen mundua da ardatza.

Park Hye-ryoung korearrak, bestetik, osasunerako onak diran osogaien bila sukaldari ospetsu batek egindako bidaiea dakar, The Wandering Chef. Mariko Bobrik poloniarrak, ostera, bere lehenengo film luzea aurkeztuko dau Donostian, The taste of Pho. Vietnamgo gastronomia landu dau pelikula horretan. Michael Leirentzat be, lehenengo film luzea da Zinemaldira dakarren A Taste of Sky.

Alfred Oliveri argentinarrak parrilla-erretegi ospetsu baten historia kontetan dau La leyenda de Don Julio: Corazón & hueso lanean. Sergio Piera, bestetik, galdera bati erantzuten ahalegindu da Cocinar belleza-n: saborea ederra izan leiteke?

Film luzeen artean, euskal zinemagile biren lanak be badagoz. Alde batetik, Iñaki Artetak Etxebarri jatetxeko sukaldaria aurkezten dau Bittor Arginzoniz. Vivir en el silencio izenburuko pelikulan. Bestetik, Aralar, Urbia eta Gorbeiako larreetan sartu da Mikel Urretabizkaia, Idiazabal gaztaiaren sekretuak ezagutzeko. Besteak beste, Eli Arrillaga, Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa eta Joan Rocaren lekukotzak bildu ditu Gazta filmean.

Culinary Zineman aurten ikusi ahal izango diran lau film laburrak honeek dira: Zer jan hura izan (Igor Arabaolaza), La receta de la vida (Marta López eta Eduardo Peiró), Smells like you (Marc Vadillo eta Marwan Sabri) eta Nouvelle Cuisine (José Prada eta Victoria Fresneda).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu