'Playmobil' filma, euskeraz zinema-aretoetan
2019-08-30 10:04 ZinemeaLino DiSalvok zuzendu dau marrazki bizidunetako produkzino frantses hau.
Zineuskadi erakundeak martxan jarritako Zinema Euskaraz programearen emoitza barria gaur, barikua, helduko da aretoetara: Playmobil filma, euskerara bikoiztuta. Era horretara, familia eta ume euskaldunek astialdiko beste aukera interesgarri bat izango dabe euskeraz.
Playmobil jolas ezaguneko pertsonaiak dira filmeko protagonistak: Charlie txikia Playmobilen munduan galduko da, eta haren arreba Marlak bere bizitzako abenturarik handienari ekingo deutso, nebea topau guran. Bidean, pertsonaia bitxiak topauko ditu, esaterako, Del sukaldaria, Rex Dasher agente sekretua eta bihotza baino ez daukat robota.
Lino DiSalvok zuzendu dau marrazki bizidunetako film luze hau, Blaise Hemingway, Greg Erb eta Jason Oremlanden gidoian oinarrituta. Frantziatik dator pelikulea, baina Estadu Batuak eta Alemania be koproduktore izan dira.
Euskerazko bikoizketaz Bieuse alkarteko profesionalak arduratu dira, lan-gatazka baten sartuta dagozan arren. Batetik, beharrerako baldintza duinak eskatzen ditue, eta, bestetik, euskerazko bikoizketeari bultzadea emotea, batez be EiTBn. Banatzaileakaz akordioa eginda bikoiztu dabe film barri hau, baina Euskal Telebistarentzat ez dabela lanik egingo ziurtatu dabe, egoereari bueltea emon ezean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!