Euskal Futbol Selekzinoak Argentinaren kontra jokatuko dau Bilbon

Bizkaie! 2019-08-29 08:38   Kirola

Urriaren 13an izango da partidua.

Euskal jokalariak, 2018ko partiduan Venezuelari sartutako gol bat ospatzen | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz Gasteizko Mendizorrotzan Venezuelaren kontra jokatutako partiduaren ostean, selekzinoentzako FIFA fetxetan jokatuko dan bigarren partidua izango dau honako hau gizonezkoen Euskal Selekzinoak. Goi mailako neurketea izango da, Argentina Hego Amerikako talde klasikoen artean dagoalako. Azkenaldion emoitza onik lortu ez badau be, Munduko Txapelketa bi (1978 eta 1986) ditu palmaresean.

Selekzinoentzako FIFAren fetxak aprobetxauta, osterea egingo dau Argentinako talde nazionalak Europan, urriaren hasieran. Alemanian jokatuko dau lehenengo, hango selekzinoaren kontra, eta, hil horren 13an, Bilbora etorriko da Lionel Scalonik entrenautako taldea. 2016ko abendutik, Euskal Selekzinoak ez dau partidurik jokatu San Mamesen. Harrezkero, partiduak Gasteizen edo etxetik kanpo jokatu dira.

Euskal Herrikoen partetik, Javier Clemente izango da hautatzailea. Panamaren kontra debuta eginda, bigarren partidua izango dau kargu horretan. Lehenengoan ez eban euskal jokalari onenak zelairatzeko aukerarik izan, eta gazte askok jokatu eben Panaman. Oraingo honetan, denporaldian bete-betean sartuta egonik, deialdi lehiakorragoa egin ahal izango dauela ia ziurra da.

Zaleentzat be, partidu erakargarria izango da. Argentinak badaukaz ospea eta kalidadea, eta euskal futbolaren mailea neurtzeko erreferentzia ona izango da. Ganera, sasoi bateko nazinoarteko partiduetako giroa berreskuratu nahi dau Euskal Futbol Federazinoak Bilbon. Leku faltarik ez da egongo, San Mamesen 53.000 ikusle sartzen diran ezkero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu