Koreedak zabalduko dau Veneziako Mostrea

Bizkaie! 2019-08-28 09:02   Zinemea

Irailaren 7ra arte egongo da martxan zinema jaialdia.

'La vérité' filmeko eszena bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur hasiko da 76. Veneziako Mostrea, munduko zinema jaialdi entzutetsuenetako bat. Irailaren 7ra arte, mundu guztiko hainbat sortzaileren lanik barrienak ikusi ahal izango dira bertan, Urrezko Lehoia irabazteko lehian, baita zinemagintzako klasikoak, autore barrien produkzinoak eta abar be.

Hirokazu Koreeda japoniarraren La vérité, Sail Ofizialekoa, proiektauko dabe gaur, inaugurazinoaren egunean. Lehenengo aldiz, Japoniatik urten eta Frantzian egin dau film bat Koreedak, kasu honetan Catherine Deneuve eta Juliette Binoche aktore ezagunak protagonista dirala. Venezian lehiatu eta gero, Donostiako Zinemaldiko Perlak sailera helduko da La vérité.

Jazoera historikoak kontetan dituen film ugari hartuko ditu Mostrearen 76. edizinoak: Panamako papelak, espioitza kasuak, krisi ekonomikoa... Ganera, deigarria da Sail Ofizialeko zuzendarien erdiak inguru lehenengo aldiz egongo dirala Venezian. Dana dala, sortzaile beterano batzuek be hartuko dabe parte, Roman Polanskik eta Costa-Gavrasek, esaterako.

Irailaren 7an, azkenengo egunean, emongo dabe irabazleen barri. Sail Nagusiko epaimahaiaren buruan Lucrecia Martel zuzendari argentinarra ipini dabe aurten. Programazino paraleloan, Autoreen Astea eta Kritikearen Nazinoarteko Astea aitatu leitekez.

Zelan edo halan, Donostiako Zinemaldiaren aurrekaritzat jo leiteke Veneziako Mostrea. Batetik, Veneziako hitzordutik Donostiakora aste gitxitako aldea dagoalako, eta, bestetik, Veneziako Lidoan erakutsitako film asko Gipuzkoako uriburuan proiektauko dituelako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu