Zorrotza ezagutzeko oinezko bisita gidatuak irailean

Bizkaie! 2019-08-27 10:54   Pil-pilean

Bilbao Izan programearen barruan dago dobako jarduera hori.

Zorrotzako ikuspegia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko ondarea herritarrei erakusteko sortu eban Udalak Bilbao Izan programea, eta horren barruan dagoz uriko auzoetatik egiten diran bisitaldi gidatuak. Irailean, Zorrotza auzoan jarriko dabe arretea, ingurune haretako historia, ondarea eta bitxikeriak azaltzeko asmoz. Betiko legez, bisitetan parte hartzea doban da.

Zorrotza auzoa nortasun handi eta bereziduna da Bilboren barruan, urigunetik pixka bat aldenduta dagoalako. Kadaguak eta Bilboko Itsadadarrak bat egiten daben lekuan, hiruki formako muturra da Zorrotza, itsas-garraiorako eta ontzioletarako egokia. Oraindino be, industriaren loraldiaren ondoren biziraun daben moila batzuk geratzen dira. Industriaren aurretik, nekazariak eta abeltzainak ziran zorrotzarrak.

Bertan egon ziran Espainiako lehenengo findegia, Chimbo xaboi ezagunen fabrikea eta abar. Hiru zati ditu Zorrotzak: Puntala, Erdialdea eta Zazpi Landa. Gaur egun, 11.000 lagun bizi dira, eta Auzokideen Alkarteak mende erdia bete dau.

Bisita gidatuak euskeraz eta gaztelaniaz egingo ditue, irailaren 3tik 28ra. Bisitea euskeraz egin nahi dabenek, eguna eta ordua zehaztu ahal izango ditue. Zorrotzako udaltegian hasiko da txangoa, oinez, eta ordu eta erdi inguruan azalduko ditu gidariak auzoaren inguruan jakin beharreko guztiak.

Ganera, lau urtetik gorako umeak dituen familiei zuzendutako bisitaldi berezia antolatuko dabe irailaren 22an. Txanda bi egongo dira, 10:30ean eta 12:30ean, eta azalpenak euskeraz eta gaztelaniaz emongo ditue. Azokako parkeko pilotaleku estaliaren ondoan hasiko da txangoa. Umeei egokitutako jarduerea izango da, dinamikoagoa eta parte-hartzaileagoa, pisten, jolasen eta ipuinen bitartez.

Bisitaldi arruntetan zein familienean plazak mugatuak diranez (30 gehienez), aurretik izena emon behar da, 94 401 00 10 edo 010 telefono zenbakietan. Epea zabalik dago.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu