Beste hamar film Perlak sailean
2019-08-21 13:08 ZinemeaAffleck, Koreeda, Eggers, Soderbergh eta abar dagoz zuzendarien artean.
Donostian irailean ikusiko diran hamar film gehiago iragarri ditue 67. Zinemaldiko antolatzaileek, Perlak sailerako. Igazko Donostia Saria irabazi eban Hirokazu Koreedaren azken lana dago horreen artean, La vérité, ama-alaben rola beteten daben Juliette Binoche eta Catherine Deneuve aktoreakaz. Veneziako Mostran estreinau eta gitxira helduko da Zinemaldira.
Steven Soderbergh be Veneziatik etorriko da Donostiara, The Laundromat aurkezteko, paradisu fiskalen inguruko filma. Meryl Streep, Gary Oldman eta Antonio Banderas dira protagonistak. Pablo Larraín txiletarra Publikoaren Sarirako hautagaia da, eta Perlak sailean erakutsiko dau Ema, ume bat adoptetako aukerea galdu barri dauen bikote baten inguruko pelikulea.
Ciro Guerra kolonbiarra barriro Donostian egongo da, oraingoan ingelesez egin dauen lehenengo filma aurkezten, Waiting for the Barbarians. Céline Sciamma frantziarrak Portrait de la jeune fille en feu dakar, eta The Climb Michael Angelo Corvino aktore eta zuzendariak. Azken honek zarratuko dau Perlak saila, lehiaketaz kanpo.
Perlak sailerako iragarritako ganerako filmak The Lighthouse (Robert Eggers), Alice et le maire (Nicolas Pariser), Light of my Life (Casey Affleck) eta Tenki no ko (Makoto Shinkai) dira. Aurretik iragarrita egon diran zuzendariak, ostera, honeek dira: Kantemir Balagov (Beanpole), Alan Elliott eta Sidney Pollack (Amazing Grace), Bong Joon-Ho (Gisaengchung), Ken Loach (Sorry We Missed You), Ladj Ly (Les Misérables), Olivier Nakache eta Éric Toledano (Hors normes), Oliver Laxe (O que arde) eta Wang Xiaoshuai (Di jiu tian chang).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!