Lau euskal kirolari piraguismoko Munduko Txapelketan

Bizkaie! 2019-08-21 10:36   Kirola

Dominak irabaztea ez eze, Joko Olinpikoetarako sailkatzea dabe helburu.

Higinio Rivero bizkaitarra (argazkia: dxtadaptado.com) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hungariako Szeged urian hasiko dira, gaur bertan, sprint piraguismoko Munduko Txapelketak. BAT Basque Team programearen babespean, lau euskal kirolarik hartuko dabe parte bertan. Iñigo Peña, Higinio Rivero, Aitor Gorrotxategi eta Begoña Lazkano dira. Laurak joan dira Szegedera asmo handiko helburuak lortzeko prest. Izan be, gogoan izan behar da 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetarako txartelak be jokoan izango dirala.

Iñigo Peña zumaiarrak, esate baterako, lehenengo seiren artean sartuta nahikoa izango dau datorren urteko Jokoetarako txartela irabazteko, K2 modalidadeko 1.000 metroko lasterketan. Paco Cubelosegaz batera egingo dau arraunean, bikoteka.

Higinio Rivero bilbotarrak be eskura dauka Tokioko txartela. Modalidade bitan hartuko dau parte Szegeden, KL2 eta VL2 izenekoetan. Sei onenen artean sartu behar dau, batean edo bestean. Bere kasuan, Joko Paralinpiarrak dira helburua, kirol egokituan ibilten dalako.

Azkenik, Begoña Lazkano pasaitarrak be Szegeden eskuratu leike Tokioko Joko Olinpikoetarako sarbidea. Basque Teameko beste kide biek baino errazago izango dau ganera, teorian behintzat: K4 modalidadeako 500 metrokoan lehenengo hamarren artean sartuta nahikoa izango dau. Lauko ontzian egingo dau arraun Peñak, Sara Ouzande, Natalia Garcia eta Isabel Contrerasegaz batera.

Basque Teameko laugarren ordezkariak, Aitor Gorrotxategi irundarrak, ez dau Tokion egoteko txartelik izango jokoan. Izan be, 1.000 metroko K4 modalidadea ez da kirol olinpikoa. Dana dala, beste hiru euskal ordezkariek legez, Munduko Txapelketan ahalik eta posturik onena lortzen ahaleginduko da.

Maty izeneko eremuan jokatuko da Munduko Txapelketea, hau da, Szeged uriko Olinpiar Zentroaren barruan. 1981ean zabaldu eben gune hori, uriaren erdigunetik ekialde-hegoaldera. Munduko instalazino onenen artean dagozanez, Matyn goi mailako txapelketak jokatzea ohikoa da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu