Hamasei proiektu dakarz VIII. Koprodukzino Foroak

Bizkaie! 2019-08-14 10:41   Zinemea

Asier Altunaren proiektu barria dago aukeratuen artean.

Irailaren 22tik 25era egingo dabe Europa-Latinoamerika Foroaren zortzigarren edizinoa, Donostiako Zinemaldiaren barruan. Aurtengo topaketan parte hartzeko, Europa eta Latinoamerikako 209 eskabide jaso zituen antolatzaileek. Azkenean, hamasei aukeratu ditue. Argentina, Belgika, Brasil, Costa Rica, Frantzia, Mexiko, Nikaragua eta Venezuelakoak dira, besteak beste.

Gai ugari jorratzen dira Foroan parte hartuko daben pelikuletan: nerabe baten iratzarraldi sexual gorabeheratsua, erbestea, emigrazinoa, bizi-baldintza gogorrak eta sexu-esplotazinoa, besteak beste. Gogoan izan behar da Foroko filmak ez dagozala amaituta, proiektuak aurkezten ditue zuzendari eta produktoreek, Donostiako topaketearen bidez babes zabalagoa lortzeko asmoz.

Aukeratutako proiektuetatik, zuzendariaren lehenengo filmak dira batzuk: Almamula, Juan Sebastián Toralesena; Ruas da Glória, Felipe Shollena; Perros, Gerardo Minuttirena; Ana no duerme, Daniel Gil Suárezena; Dos estaciones, Juan Pablo Gonzálezena; La hija de todas las rabias, Laura Baumeisterrena; eta Los jueces, César Díazena.

Ana García Blayaren kasua berezia da. Curuzú proiektua aurkeztuko dau Koprodukzino Foroan eta, aldi berean, Las buenas intenciones filma New Directors sailean. Ganera, euren bigarren film luzeen proiektua dakarre Donostiara Ulises Porrak (Los sucios) eta Gustavo Rondónek (El tiempo que perdimos).

Eskarmentu luzeagoa daukie beste parte-hartzaile batzuek: Benjamín Ávila (El cardenal), Neto Villalobos (Amor es el monstruo), Pablo Giorgelli (Trasfondo), Diego Lerman (El maestro de literatura), eta Mariana Rondónik (Zafari). Azkenik, ezin aitatu barik itxi sail honetako euskal ordezkari bakarra: Asier Altunak Karmele izeneko proiektu barria aurkeztuko dau Donostian.

2012an sortu zanetik, 114 proiektu aurkeztu dira Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan; horreetatik, 51 amaituta eta estreinauta dagoz; 14 preprodukzino edo postprodukzinoan dagoz orain; eta 25ek, nazinoarteko zinema-jaialdietan hartu dabe parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu