Hamalau film, zinema-ikasleen topaketan
2019-08-09 12:44 ZinemeaUrtebetean % 22 hazi da Nest Film Students sailean izena emondakoen kopurua.
Irailaren 23tik 27ra egingo dabe Nest Film Students, zinema-ikasleen XVIII. topaketea, Donostiako Zinemaldiaren barruan. Antolatzaileek hamalau film labur aukeratu ditue sail horretako lehiaketan parte hartu deien, munduko 46 herrialdetako 373 hautagaien artean. Igazko edizinoagaz alderatuta, % 22 egin dau gora parte-hartzeak.
Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatu dabe topaketea, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutuarazo nahian. Bost egunez, film laburrak erakutsiko ditue gazteek, eta eskola magistralak izango ditue Donostiara filmak aurkezten datozan profesionalen eskutik.
Aukeratutako hamalau filmak honako herrialdeetatik datoz: Alemania, Argentina, Belgika, Txile, AEB, Espainia, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublikea eta Errusia. Kezka garaikideak aztertzen ditue film laburrek, identidadeari, maitasunari, lanari, etorkizunari... lotuak. Baina, aurtengo Nest sailean hainbat lanetan agiri dan gaia familia da. Familia-eredu barriak, harremanen etorkizuna, ama ezkonbako baten egunerokoa, anai-arreba batzuek dolu-egun batean daben tensino emozionala, Japoniako amama baten 16 milimetroko erretratua eta abar jorratzen dira.
Martín Rejtman zuzendari argentinarra izango da epaimahaiko presidentea. Beragaz batera, ikasleak izango dira epaile. Alkarregaz erabagiko dabe nork irabaziko dauen Nest Film Students saileko film labur onenaren saria. Diru kopurua bikoiztuta, aurten 10.000 euro emongo deutsiez film onenaren zuzendariari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!