Jone Magdalenok eta Zuriñe Padillak domina bana ekarri dabe Zagrebetik

Bizkaie! 2019-08-07 09:29   Kirola

Taekwondo modalidadean, Unibersidadeen arteko Europako Txapelketan izan dira.

Zuriñe Padilla, Zagrebetik ekarritako domineagaz (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Deustuko Unibersidadeko eta EHUko ikasleak dira Jone Magdaleno bilbotarra eta Zuriñe Padilla basauritarra, hurranez hurran. Taekwondoa da euren pasinoa, eta Unibersidade arteko Europako Txapelketan egon barri dira, Kroaziako uriburu Zagreben. Magdalenok urrezko dominea irabazi dau -62 kategorian. Padillak zidarragaz konformau behar izan dau, 73 kilotik gorakoetan.

Zuzenbideko ikasketak aurten bertan amaitu ditu Jone Magdaleno 21 urteko burrukalariak. Beraz, Unibersidade arteko Txapelketan azken parte hartzea izan dau Zagrebekoa. Pozarren bueltau da, urrezko domina eta guzti. Anna Mlaiki frantziarra eta Alina Przygoda alemaniarra kanporatu eta gero, Ukrainiako Marija Labuzova gainditu eban finalean.

Zuriñe Padillak be 21 urte daukaz, eta Enpresa Zuzendaritzea ikasten amaitu barri dau EHUn. Hurrengo ikasturtean Marketinga ikasten hasiko da unibersidade berean. Zerrendaburu zan Zagreben, eta pronostikoak beteta, finalera heldu zan 73 kilotik gorako modalidadean. Düsseldorfeko Unibersidadeko Sarah di Sinnoren kontrako finala galdu eban, baina. Atzetik hasi eban burrukaldia, eta arerioari neurria hartzen hasi zanerako berandu zan.

Halandabe, zidarrezko domineagaz be pozik dago Padilla. 2016an eta 2017an lortutakoak aintzat hartuta, Unibersidade arteko Europako Txapelketako hirugarren dominea dau hau. Hiru aldietan bigarren izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu