Euskal Selekzinoaren aldeko martxea, Ainhoatik Usurbilera

Bizkaie! 2019-08-02 10:14   Kirola

Abuztuaren 3tik 10era, zortzi etapa egingo ditue.

2017ko edizinoko argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

2000. urtean jaio zan, ESAIT taldearen babespean, Euskal Selekzinoaren aldeko mendi martxea eta, 19 urte geroago, udako agendearen parte izaten segitzen dau, ESAIT bera desagertuta dagoan arren. Aurtengo edizinoa Lapurdiko Ainhoa herrian hasiko da, eta, mendirik mendi, parte-hartzaileek Gipuzkoako Usurbilerainoko bidea egingo dabe, zortzi egunez, abuztuaren 3tik 10era.

Etapa bakotxean 20-25 kilometro inguru ibiliko dira, mendietan gora eta behera, gitxi gorabehera zazpi-zortzi ordu eguneko. Lotarako, herrietako pilotalekuak, kiroldegiak, eskolak eta abar erabiliko ditue. Hortaz, parte-hartzaileek lotarako zakua eroan behar dabe, baina oinez dabizan bitartean kamioian eroango deutsiez antolakuntzakoek traste guztiak.

Aurtengo ibilbideak Lapurdi hegoaldea, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaiaren iparraldeko muturra eta Gipuzkoa ekialdea zeharkatuko ditu. Hortaz, Iparraldea eta Hegoaldea banatzen dituan mugatik hur egingo dabe ibilbide osoa, baina Euskal Selekzinoaren aldeko ibiltarientzat ez dago mugarik.

Euskal Selekzioak martxan, garena garelako ofizialtasuna! lemapean antolatu dabe aurtengo zeharkaldia. Antolatzaileek azaldu dabenez, euren helburua da kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzinoen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazinoarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko dogun eskubidea defendidutea.

Argibide gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu