'Zumiriki' Veneziako Mostran egongo da

Bizkaie! 2019-08-02 08:40   Zinemea

Oskar Alegriaren film barria Orizzonti sailean erakutsiko dabe.

Jentaurrean aurkeztu eta gitxira, nazinoartera salto egiteko aukerea agertu jako Oskar Alegria nafarrak zuzendutako Zumiriki pelikuleari. Izan be, Veneziako Mostra jaialdi entzutetsuaren 76. edizinoko Orizzonti sailerako aukeratu dabe. Sail Ofizialaren ostean, Mostran dagoan sailik garrantzitsuena da hori.

Harriduraz hartu dau barria Alegriak berak, nazinoarteko bidea egiten hastea gatxagoa izango zala pentsau ebalako. Kontuan izan behar da, Zumiriki ez dala film arrunta, definiduten gatxa dalako, ze generotan sartu erabagitea ez da erraza. Proiektu personala da, Alegriari berari oso lotua.

Izan be, Oskar Alegria bera da istorioko protagonistea. Lau hilez, Nafarroako Pirinioetako basoetan bakartuta egon zan, berak holan aukeratuta. Ortua, oilo bi eta 70 liburu izan zituan lagun. Ume zaneko sasoia berreskuratzea eta natureagaz loturea indartzea ziran helburuak.

Egonaldi horren barri jasota, protagonistearen barruko mundua erakustea da dokumentalaren asmoa. Veneziako Mostrako Orizzonti saileko zuzendari Alberto Barberak uste dau aurtengo edizinoko film definiduezinena dala Zumiriki.

Abuztuaren 28tik irailaren 7ra egingo dabe Veneziako Mostra. 76. edizino honetan, Pedro Almodovar eta Julie Andrews omenduko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu