Abuztu guztirako doinuak dakarz 80. Musika Hamabostaldiak

Bizkaie! 2019-08-01 09:06   Musikea

Donostiako hainbat lekutan egingo ditue kontzertuak eta erakusketak.

Parisko Orkestrea (argazkia: William Beaucardet/Musika Hamabostaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamabostaldia da ziklo honen izena, baina gaur egun hamabost egun baino gehiago hartzen ditu. Esate baterako, aurtengo edizinoak hilabete oso-osoa hartuko dau: gaur, abuztuak 1, hasi, eta 31ra arte. Edizino biribila da, 80.a, zortzi hamarkada pasau dira lehenengoz Donostiako Musika Hamabostaldia antolatu ebenetik.

Efemeridea ospatzeko, erakusketea ipiniko dabe San Telmo museoan. Bertan ikusi ahal izango dira Musikaldiak urteotan egindako ibilbidearen lekukotasunak eta irudiak. Gauzak asko aldatu dira 80 urtean. Ganera, Ostegun Musikalak izeneko zikloa museo horretan egingo dabe.

Egun bakotxean, pilo bat kontzertu egongo dira zaleen aukeran, Donostiako hainbat txokotan atondutako oholtzetan. Kursaalean, Victoria Eugenia antzokian, Tabakaleran eta abar ez dira goi mailako emonaldiak faltauko.

Hamar atal nagusitan banatu dabe 90 kontzertu baino gehiagoko eskaintza zabala. Tartean dagoz hiru opera: Giacomo Pucciniren Madama Butterfly (Ainhoa Arteta izango da sopranoa), Bela Bartoken Bizar Urdinen Gaztelua, eta Tom Johnsonen Lau noten opera.

Ganerako kontzertuetan, izen handiko artistak eta taldeak egongo dira. Parisko eta Londresko orkestrak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia, Andra Mari Korala... batzuk aitatzearren. Musikeagaz lotutako jantza ikuskizun bat be ekarriko dau Victor Ullate konpainiak.

Antxinako musikeari eskainitako zikloan, sei emonaldi egingo ditue, Santa Teresan eta Zorroagan. Besteak beste, Bach konpositore ezagunagaz lotutako pieza zahar batzuk entzun ahal izango dira. Umeentzako eskaintzearen barruan, kontzertuak eta tailerrak antolatu ditue.

Donostiatik kanpo, Gipuzkoako herri batzuetan egingo ditue Hamabostaldiko pare bat ziklo. Batetik, abuztuaren 4tik 8ra, Organo Zikloaz disfrutau ahal izango da; bestetik, Gipuzkoara ez eze, Araba, Nafarroa eta Lapurdira be helduko da Musika Aitzaki. Arantzazuko santutegia eta Leireko monasterioa izango dira agertokietako batzuk.

Egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu