Zortzi 'opera prima' Zinemaldiko Zuzendari Barriak atalean

Bizkaie! 2019-07-30 12:21   Zinemea

Besteak beste, Maider Fernandez Iriarteren Las letras de Jordi aukeratu dabe.

Maider Fernandez Iriarteren 'Las letras de Jordi' filmeko irudia | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemagintzako talentu barriei atea zabaltzea da Zuzendari Barriak atalaren helburua, belaunaldi gazteek dakarzen barritasunak publiko zabalari aurkezteaz gan. Aurten be, Donostiako Zinemaldiaren 67. edizinoan, mundu zabaleko hainbat zuzendariren lehenengo eta bigarren lanak proiektauko ditue. Antolatzaileek sail horretan egongo diran hamalau pelikularen barri emon dabe.

Hamalau horreetatik zortzi opera primak dira, hau da, zuzendarien lehenengo lan luzeak. Ganerako seirak, ostera, bigarren film luzeak dira euren zuzendarien ibilbidean. Aukeratuen artean kontinente eta herrialde ugaritako egileak dagozan arren, euskal zinemagintzeak be izango dau lekua. Maider Fernandez Iriartek bere lehenengo lan luzea aurkeztuko dau Donostian, Las letras de Jordi izeneko ez-fikzinoa.

Zinemagintzan badauka eskarmentua Maider Fernandez donostiarrak, Pasaik kolektiboaren barruan film labur ugaritan hartu dau parte. Lehenengo film luzea egiteko, Ikusmira Barriak egoitza-programarako aukeratu eben, REC Grabaketa Estudioa postprodukzino sariaren bidez. Holan jaio da Las letras de Jordi, Jaungoikoak berba egiteari itxi deutsalako arduratuta dabilen gizon baten istorioa.

Zuzendari barriei eskainitako ataleko beste zazpi opera primak mundu zabaletik datoz: Lucía Alemany (Espainia), Ana García Blaya (Argentina), Kim Sol eta Lee Jihyoung (Korea), David Raboy (AEB), Fyzal Boulifa (Erresuma Batua), Koichi Doi (Japonia) eta Oren Gerner (Israel) dira zuzendariak.

Bigarren lan luzea aurkeztuko daben zinemagileen artean, batzuek aurretik be parte hartu eben Zuzendari Barriak sailean, lehenengo filmagaz. Ignas Jonynas (Lituania), Svetla Tsotsorkova (Bulgaria) eta Delphine Lehericey (Suitza) dira. Lehenengo aldiz Donostian, baina dagoeneko bigarren film luzea besapean dakarrela, Jorunn Myklebust Syversen (Norvegia), Jorge Riquelme Serrano (Txile) eta Hinde Boujemaa (Tunisia) izango dira.

Sail honetako Kutxabank-New Directors Saria nazinoarteko epaimahai batek aukeratuko dau. 50.000 euro, zuzendariak eta filmaren Espainiako banatzaileak erdibana hartzeko, emongo ditue. Bestetik, honeek hamalau filmak Gazteriaren Saria irabazteko hautagai be badira. Hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osotutako epaimahaiak ebatziko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu