Urriaren 4an estreinauko da 'Varados'

Bizkaie! 2019-07-24 08:32   Zinemea

Varados, Helena Tabernaren film barria da, errefuxiatuen dramea islatzen dauena.

Helena Tabernak gizartean barra-barra dabizen gaiak jorratzen jarraitzen dau; Yoyes, Extranjeras, La buena nueva, Nagore edo Acantilado nork ez ditu gogoratzen.  Zinemagile nafarrak Europako ateetan zain dagozan errefuxiatuek bizi daben dramea dakar orain: Varados, hain zuzen be. 

Varados
Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearen ekimenez dator, Lamiagaz koprodukzinoan. Zaporeak Proiektuak 2016tik daroa Grezian gatibu dagozan persona errefuxiatuen duintasuna elikatzen, horretarako, otordu duinak kozinau eta banatuz. 2016ko martitik 1.000.000 otordu baino gehiago emon ditu Chios, Atenas, Patras eta Lesbosen. Gaur egun, 1.600 otordu emoten ditu Lesboseko Moria kanpalekuan bizi diran errefuxiatuen artean.

Helena Taberna

Ibilbidea proiektuak hautatzeko izan dauen koherentzia eta zinema estilo oso personal batek markau ditu. 2002an,produkzino etxe propioa, Lamia eta 2006an, emakume zinemagile eta ikusentzunekoen alkartea (CIMA) sortu zituan. Bere pelikuletan gizarte gaiak eta interes unibersalekoak jorratu ditu, besteak beste, terrorismoa, emigrazinoa, eleizearen parte hartzea Gerra Zibiliean, genero biolentzia edota sekten manipulazinoa. Bere lehen filma, Yoyes (2000), urte haretan nazinoartean gehien saritutako espainiar filmetako bat izan zan, erantzun handienetakoa izan eban filma izateaz gan. Bigarren pelikulea Valladolideko SEMINCI-n aurkeztutako Extranjeras dokumentala izan zan. 2008an, La Buena Nueva zuzendu eban, SEMINCI-ko aktore onenaren saria jaso ebana 2010ean, Nagore estreintu eban, Valladolideko jaialdian aurkeztua, San Ferminetan jazotako ikasle gazte baten hilketea jorratzen dauen dokumentala. Bere azken pelikulea, Acantilado, Malagako Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu eben.


Varados - Fitxa teknikoa

Gidoia eta zuzendaritzea: Helena Tabernarenak dira.

Argazkiak, barriz, Frodo García-Conderenak.

Soinua Jorge Alarcónen ardurea izan da eta soinu bandea: Ignacio Bilbaorena.

Produkzinoan Helena Taberna eta Iker Ganuza ibili dira.

Zaporeak taldean, barriz, Oraitz García, Josi Echeverría, Mikel Agirrezabal, Maite Gutierrez eta Jaione Berridi.

Kontuak kontu, urriaren 4an estreinauko da zinema-aretoetan Márgenes Distribucion-en eskutik


Lamia

2002an Helena Taberna nafarrak sortutako zinema produkzino etxea da. 2004an, Iker Ganuza kudeatzaile hasi zan enpresan. Fikzinoko film luzeak eta gizarte eta gaurkotasun jokerako dokumentalak egiteko bokazinoa izanik, Lamiak telebista formatuen eta proposamen barrien alde be egiten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu