Donostiako 54. Heineken Jazzaldia eta Txikijazz, garagarrilaren 24tik 28ra
2019-07-24 08:14 MusikeaEuskal jazza indartu, nazinoarteko izakereari uko egin barik.
Donostiako 54. Jazzaldiak nazinoarteko izakereari eutsiko deutso baina berton egiten dan jazzari inoiz baino garrantzia handiagoa emonez. Danetara, 32 euskal talde eta bakarlarik joko dabe, besteak beste, Paul San Martín, Nøgen, Canvis, Jon Urrutia Trio, Lurpekariak, Javier López Jaso-Marcelo Escrich Quartet, Broken Brothers Brass Band, Belako edo Elkano Browning Cream taldeek.
Aurretik erabateko talde, bakarlari eta lehen mailako izarren barri emona egoan: Zahara, Dorian, Joan Baez, Jamie Cullum, Neneh Cherry edo eskarmentuz betetako Diana Krall, John Zorn, Joan Baez, Jamie Cullum, Sílvia Pérez Cruz eta Javier Colina nafarra. Baina aurten hirugarrenez, San Telmo Museoa eszenatoki sare zabal eta ezbardin baten ezinbesteko parte izango da, 16 hain zuzen be, SGAE Fundazinoaren eskutik.
Ohikoa danez, bete arteko sarrera librea izango dau San Telmo Museoa-SGAE Fundazinoa guneak (Zuloaga Enparantza, 1). Lau goiz aurreikusi dira, hilaren 25etik 28ra, 11:30ean; eta 12:30ean, garagarrilaren 27an eta 28an.
Eguenean, hilaren 25ean, Patri Goialdek Miles Davis tronpetalari estadubatuar mitikoari buruzko berbaldia eskainiko dau. Goialde Jazzaren Historiako irakaslea da Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian (Musikene).
Ondoren, Paul San Martin eta Lluis Colomaren kontzertua dator. Donostiarrak eta bartzelonarrak, blueszale eta boogiezale itsuak izateaz gan, estilo zaharreko New Orleanseko soinua maite dabe. Professor Longhair eta Sonny Boy Williamson ditue erreferente. San Martinek lehen be parte hartu izan dau Heineken Jazzaldian, Stay Blues taldeko kide legez eta baditu zenbait disko argitaratuta, azkena A French Session izenburukoa. Colomak, barriz, Músic de l'Any 2003 eta Artista BluesCat 2006 sariak irabazi zituan eta ohiko gonbidatua da Europa osoko blues jaialdietan.
Biharamuean, Patri Goialdiren txandea izango da baina orain Keith Jarret goi mailako piano-jole ipar-amerikarra izango dau berbagai. Ondoren, barriro be Jon Urrutia Trío hirukoaren txandea izango da. Jon Urrutia-Monnot (pianoa), Damien Varaillon (kontrabaxua), Stéphane Adsuar (bateria) osotzen dabe. Jon Urrutia-Monnot pianista eta konpositorea da – Bilbon jaioa dan arren, Frantzian egin dau bere karrerearen parte bat – tradizinoa eta modernismoa buztartzen dituan hiruko honen liderra. Bikain buztartzen ditue konposizinoa eta inprobisazinoa eta hiru instrumentisten dohainak erakusteko pentsautako errepertorioa dabe. Urrutiak Musikologiako Ikerketa Masterra egin eban Paris Unibersidadean eta entzute handiko areto eta jaialdietan jo izan dau, berbarako Bilbo eta Montreux-eko Guggenheimen, Perico Sambeat, Jorge Pardo eta Mario Rossyren mailako musikarien alboan. Gainera bost disko grabau ditu bere izenean.
Bestalde, zapatuan eta domekan ez da berbaldirik emongo, bai ostera, jazz sesino edo kontzerturik: Baldo Martínez Grupo hilaren 27an eta Nico Casal hilaren 28an, hau da, San Telmo emonaldien azkena.
Nico Casal pianisteak Oscar sari bat dauka baina ez da berea bakarrik: 2015ean, Londresen ia hiru urte eroazala konpositore lez bizimodua atera guran, Stutterer izenburuko film labur baterako musikea idatzi eban, eta Benjamin Clearyk zuzendutako lan harek eskuratu eban, hain zuzen be, sari preziatua. Casal Europako egungo konposizino-eskolearen pausuak jarraitzen dituan figura barri bat da, tradizino inpresionistearen, ambient estiloaren, zinemako musikearen eta poparen artean, pazientzia eta talentua batuz, publiko barri bat batzea lortu dauelako.
Baldo Martínez Grupo David Herrington (trompeta, fliskornoa), Juan Saiz (txirula, saxo tenorea), Pedro López (bateria, perkusinoa) eta Baldo Martínez bera (kontrabaxua) ditugu. Baldo Martinez galiziar kontrabaxu-jolea Espainian egiten dan jazz garaikidea ondoen ordezkatzen daben musikarietako bat da. Portugal eta Galiziako musika tradizionalean oinarritutako Projecto Miño taldean zein Joachim Kuhn alemaniar pianistearen Iberia Trio taldean ibilitakoa.
John Zorn
John Zornek jasoko dau 2019ko Donostiako Jazzaldia Saria, Heineken Jazzaldiaren eskutik, jazz garaikidean izan dauen eragin sakonagatik, esker onez.
John Zorn Donostian izango da barriro, Heineken Jazzaldian, 2013an bere Masada Marathon ikuskizunak izandako erantzun itzelaren ondoren. Aurten, Bagatelles Marathon dakarsku.
Zornek hilaren 28an, domekan, 17:30ean, jasoko dau Donostiako Jazzaldia Saria.
VII. Txikijazz
Donostiako Jazzaldiak atonduta, familientzako gunea da guraso eta umeek musikaz, arteaz eta teknologia barriez gozau deien. Berez umeakaz aisialdia pasetako beste era bat gura daben gurasoak ditu gogoan, musikeak heziketarako eta gozamenerako eskaintzen dituan aukera amaibakoen jakitun. Dobakoa eta edegia da Txikijazza eta Kursaal Auditorioko terrazetan izaten da (Zurriolako Etorbidea z/g).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!