Basque Teameko Jagoba Vizuete karatekeak goi mailea itxiko dauela iragarri dau

Bizkaie! 2019-07-19 13:35   Kirola

Diziplina honi eskainitako 25 urteren ondoren pilatutako nekeagaitik hartu dau erabagia.

Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak lagunduta, Jagoba Vizuete karatekeak agur esan dau gaur Eusko Jaurlaritzako Lakuako prensa-aretoan, Gasteizen.

Hausnarketa sakonaren ostean, Jagoba Vizuetek karatean izan dauen ibilbide profesionala amaitutzat emotea erabagi dau, diziplina honi eskaini deutsozan 25 urteren ondoren pilatutako nekeagaitik. Egin dauen lan guztiaz gan, urte honetan guztietan sekulako subertea izan dauela ziurtatu dau arabarrak, eta ingurukoei eta bere garapen profesionalean lagundu deutsen persona eta instituzino guztiei eskerrak emon deutsee. Jagobak Basque Team Fundazinoaren bekea jaso dau 2015etik.

Karatekeak Tokio 2020n lehiatzeko aukera guztiak agortu nahi izan ditu. Joko horreetan sartuko da lehen aldiz kirol hau programa olinpikoan, baina sailkatze-prozesua asko gogortu da. Parte-hartzea hiru pisutara mugatu dabe eta pisu bakotxean hamar onenak lehiatuko dira. Ia-ia zerrendako lehen hiru postuetan egotea derrigorrezkoa da Japoniako uriburuan 2020an jokatuko dituen Olinpiar jokoetan parte hartu ahal izateko. Vizuete azken momentura arte ahalegindu da hori lortzen, baina helburua ia ezinezkoa da gaur egun.

Jagoba Vizuete (Vitoria-Gasteiz, 1988-07-15) bost urtegaz hasi zan karatea praktiketan, anaiek animauta. Hasieratik biak izan dira bere entrenatzaileak (Angel eta Jorge Vizuete) eta eurekaz batera zuzendu dau kirolagaz, burruka-arteakaz eta gaur egun asko gustetan jakon crossfitagaz lotutako negozio familiarra.

Jagoba oso goiz hasi zan karatean nagusitzen: 12 urte zituala Espainiako txapeldun izan zan ume-kategorian eta gaur egun estadu mailako 19 titulu ditu; estadu mailako titulua kategoria guztietan irabazi dauen bakarrenetarikoa da. 14 urtegaz sartu zan estaduko taldean, 18 urtegaz maila absolutura pasau zan eta orain arte maila horri eutsi deutso.

Nazinoarte mailan be polito ibili da. Karateko Munduko txapelketa batean banakako domina bat irabazi dauen lehen euskalduna izan da Vizuete. 2014an, Bremenen (Alemania) jokatutako Munduko txapelketan izan zan. Hitzordu hori inflexino puntua izan zan gasteiztarrarentzat eta kategoria absolutura salto egitea ahalbidetu eutson. Ez eban uste dominakaitik burrukatzeko aukerea izango ebanik, baina txapelketa ikaragarria eginda, Munduko onenen artean sartu zan. Orduan jakin eban karateko elitean egoteko gaitasuna baebala. Jagoba finalerdietarako sailkatu zan Emirerrietako Sulaiman Almulla, Salim Bendiabel frantziarra eta Anel Castillo dominikarra azpiratu eta gero. Baina pozaldia amaitu egin zan finalerdietan, azkenean urrea eroan eban Enes Erkan turkiarraren kontra galduta.

Munduko txapelketako brontzeaz gan, 2018ko maiatzean Serbiako Novi Saden jokatutako Europako txapelketan irabazitako taldekako zidarra be nabarmentzekoa da. Jagoba eta bere taldekideak finalean sartu ziran eta oso gitxigaitik ez eben urrea eskuratu. Jagoba azken burruka erabagigarrian rabazi egin eban, baina azken garaipenetik puntu bira geratu ziran. Zidarrak loriaren gustoa izan eban, urte askoren ondoren burrukatu eta gero, podiumera igon ziralako.

Jagoba Vizuete gorengo mailan ibili da 2018an eta 2019an. Leganeseko Espainiako txapelketan, hain zuzen be, finalera heldu eta bertan Babacar Seck (egungo Munduko brontzea) izan eban aurrez aurre. Zidarra eskuratu eban Jagobak.

Halan da be, Premier League txapelketak eta Europako eta Munduko txapelketek asko eskatzen dabe eta gasteiztarrak agur esateko momentua heldu jakola sentidu dau. Jagoba Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna da eta Kirol Erakundeen Zuzendaritzan masterra dauka. Hemendik aurrera kirol munduari lotuta jarraituko dau, ‘Fitness Gasteiz’-eko karate eskolan.


Jagoba Vizueteren palmaresa:

- Brontzea 2014ko Munduko txapelketan.

- Zidarra taldeka 2018ko Europako txapelketan.

- Zidarra eta brontzea unibersidade mailako Munduko txapelketan.

- Urrea eta brontzea unibersidade mailako Europako txapelketan.

- 19 aldiz Espainiako txapeldun.

- 5 aldiz Espainiako azpitxapeldun.

- 9 aldiz hirugarren Espainiako txapelketan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu