Euskal musikearen historia laburbatzen dauen liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2019-07-16 08:10   Musikea

Gaztelaniazko eta euskerazko bersinoak aurten argitaratuko ditue.

Musikenek eta Renoko Unibersidadeak (Nevada, AEB), Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz argitaratu dabe The History of the Basque Music izenburuko liburua; euskal musikea azterketea modu kronologikoan. Ingelesez argitaratu arren, datozen hilebeteetan euskeraz eta gaztelaniaz plazaratuko dabe. Josu Okiñena ikerlari, pianista eta irakaslea izan da proiektu honen editore eta koordinatzailea.

2014an sortu zan proiektua, Okiñenak Xabier Irujo Renoko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariagaz izandako barriketaldi baten ondorioz. Urte bi pasau zituen liburuaren oinarriak, gaiak eta egileak zehazten. Irujoren esanetan, ingelesez idatzi dan euskal musikearen historiari buruzko lehen liburua da. Hori dala eta, lana erreferentzia bat izango da, eta horrek gitxieneko hausnarketa eta sakontasuna eskatzen dau. Ikerketa lanetan ibili ostean, 2017an proiektua aurrera eroateko hitzarmena egin eben erakunde biek.

Hamar ataletan banatzen da liburua. Lehenengo zazpietan musika akademikoaren kontaketa kronologikoa egiten dabe egileek, idatzizko jatorrizko testuetan oinarrituta. Lehen kapituluan, historiaurrea, Aintxinaroa eta Erdi Aroa dira oinarri. Bigarrenean, Errenazimentuaa eta barrokoa. Hirugarren atalak Ilustrazinoaren sasoia dau oinarri, eta laugarrenak, barriz, XIX. mendeko musikan eragin zuzena izan eben jazoerak, baita horreen harira sortutako musika alkarteak be: orkestrak eta akademiak, esaterako. Bosgarren atalean, nazionalismo musikala eta eleiz-musikearen aldaketea dira aztergai. Seigarren kapituluak frankismo garaiaren barri dakar eta zazpigarrenak transizino sasoitik gaur egunera arteko musikea.

Azken hiru atalak kontaketa kronologikotik kanpo dagoz eta, aurrekoen aldean, gai ezbardinak jorratzen ditue, berbarako, emakumeak euskal musikan izan dauen presentzia. Okiñenak nabarmendu dau: Historian emakumeak izan dauen zeregina oinarrizkoa baina ezezaguna izan da. Musikearen munduari lotutako emakumeak eta konpositoreak izan dira, beharbada, ondorio gehien izan dituenak. Horrezaz gan, bederatzi eta hamargarren kapituluetan Euskal Herrian jazzak dauen presentzia eta kantu herrikoiak dira ardatz: Badirudi euskal musikearen historiaz gabizenean, musika klasikoa baino ez dogula aitatu behar baina Euskal Herrian badogu tradizino sendo bat beste musika horreek be kontuan hartu eta ikerketea egiteko, adierazo dau proiektuaren koordinatzaileak.

Euskal musikearen historian adituak diran kideez osatutako lantalde batek egin dau liburua, eta bakotxak kapitulu bat idatzi dau, berbarako, Musikeneko zazpi irakaslek: Elixabete Etxebeste, Sergio Barcellona, Isabel Diaz, Patri Goialde, Gotzone Higuera, Itziar Larrinaga eta proiektuaren editore eta koordinatzailea dan Josu Okiñena. Irakasle horrekaz batera, Musikenegaz lotura handia daben beste lau ikerlarik be parte hartu dabe: alde batetik, Mikel Chamizo eta Itziar Navarro Musikeneko ikasle ohiek eta bestetik, Jon Bagues eta Mark Barnes, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko kideak.

Liburua eskuragarri dago Renoko Unibersidadeko Center for Basque Studies-en webgunean eta AEBetako 300 bat liburutegi publikotan banatzeko asmoa dago.

Azken buruan, Musikeneko zuzendari Miren Iñargak adierazo dau gaztelaniazko eta euskerazko bersinoak aurten argitaratuko dituela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu