Kayak surfeko Euskal Selekzinoak 15 kirolari eroango ditu Perura, Munduko Txapelketara

Bizkaie! 2019-07-10 11:57   Kirola

Munduko selekzinorik indartsuenen artean sendotzea da euskal taldearen amesa. 

Orain dala urte bi Ipar Irlandan irabazitako munduko titulua barriro lortzea da maila ofizialean lehiatu eta Eusko Jaurlaritzearen babesa dauen Kayak Selekzinoaren helburua.  Eusko Jaurlaritzeak eta kayak surfeko Euskal Selekzinoak datorren astean Perun egingo dan Munduko Txapelketan parte hartuko daben kirolariak aurkeztu ditue. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Euskal Selekzinoko entrenatzaile Eduardo Etxeberriak azpimarratu dabenez, diziplina honetan mundu mailako selekzinorik indartsuenen artean sendotzea da euskal taldearen amesa. Danetara, Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoari esker, 15 euskal kirolarik parte hartuko dabe hilaren 19tik 26ra.

Bilbon egindako aurkezpenean, Euskadi ordezkatzeko kirolariok egin daben apustua nabarmendu dau Bingen Zupiria sailburuak: Jakitun gara Euskal Selekzinoarentzat ezinezkoa dala kirol guztietan maila ofizialean lehiatzea; baina aukera hori emoten daben kiroletan pausua emon eta saiatu behar dala uste dogu. Kayak surfa azken horreen artean dago eta modalidade honetako Euskadiko kirolari onenek Euskal Selekzinoagaz daben konpromisoa txalotzekoa da. Horrezaz gan, euren mailea be eskertu behar deutsegu, diziplina honetako onenetakoen artean baitago gure taldea.

Munduko Kayak Surf Txapelketa urte birik behin jokatzen da eta uda honetan Trujillo (Peru) uritik hur dagoan Huanchaco hondartzan egingo da. Ondoko selekzinoek parte hartuko dabe aurten: Ingalaterra, Irlanda, AEB, Argentina, Eskozia, Jersey eta Euskadi. Diziplina honetako Munduko Txapelketeak atal bi ditu: Selekzino Nazionalentzako Munduko Txapelketea eta bakarkako Munduko Txapelketea. Euskal taldeak modalidade bietan lehiatuko diran 15 ordezkari eroango ditu; ondokoak dira emakumezkoen probetarako hautatutako kirolariak: Ainhoa Tolosa, Olatz Garmendia, Irati Bordagarai eta Andrea García. Xabi Olano, Odei Etxeberria, Hodei Crujeiras eta Gorka Martin ‘open’ modalidadean lehiatuko dira. ‘Master’ kategoriarako hautatutako kirolariak Oskar Martinez, Edu Etxeberria, Luis Abando, Ruben del Rio eta Txema Carreto dira. Azkenik, Peru Barandiaran eta Iñaki Urbek Euskal Selekzinoa ‘junior’ kategorian ordezkatuko dabe.


Palmares bikaina

Kayak Surfeko azken Munduko Txapelketea orain dala urte bi egin zan Ipar Irlandako Portrush herrian eta Euskal Selekzinoak taldekako munduko txapeldunaren titulua barriro irabaztea lortu eban, beste zortzi selekzino atzean itxita. Ingalaterrak bigarren postua lortu eban eta Galesek hirugarrena. Banakako probetan, euskal kirolariek 13 domina irabazi zituen (urrezko bi). Euskal Selekzinoak bere bosgarren Munduko Txapelketea lortu eban.

Euskal Selekzinoa 1997. urtean hasi zan nazinoartean lehiatzen eta Ipar Irlandako tituluaz gan, taldekako ondoko munduko txapelketak irabazi ditu: Espainia (2015), Australia (2013), AEB (2011) eta, azkenik, Espainian jokatutako lehen Munduko Txapelketea (2007). 2009n, Portugalen egindako txapelketan munduko txapeldunordea izan zan Euskal Selekzinoa. Txapelketa horreetan guztietan -eta beste batzuetan be- banakako domina asko irabazi ditu, eta, berez, azken Munduko Txapelketa bietan banakako domina gehien irabazitako taldea izan da.

Kirol minoritarioa bada be, kayak surfak gero eta jarraitzaile gehiago ditu eta Munduko Txapelketak antolatzen dituan Nazinoarteko Alkarteak hogei selekzino inguru batzen ditu: Australia, AEB, Portugal, Argentina Brasil, Costa Rica, Ingalaterra, Irlanda, Japonia, Galizia, Irlandako Errepublika, Ipar Irlanda, Eskozia, Hegoafrika, Gales, Suedia, Jersey, Danimarka eta Euskadi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu