CD-liburu bikotxa aurkeztu dabe Elkano eta euskal nabegazinoa ardatz hartuta

Bizkaie! 2019-07-09 12:13   Musikea

Xabier Amuriza bertsolariak eta Xabier Leturia panderojoleak be parte hartu dabe.



Juan Sebastián Elkano: el primer viaje alrededor del mundo
da Enrike Solinis musikariak zuzentzen dauen Euskal Barrokensemble antxinako musika-taldeak sortu dauen lan barriaren izenburua. CD-liburu bikotxa da eta Jordi Savall-en Alia Vox zigiluak argitaratu dau nazinoartean; Jordi Savall viola da gamba jotzaile ospetsua da, orkestra zuzendaria eta ikonoa musikearen munduan. Diskoak musika-ibilbidea dakar Elkanoren bizitzan, garaian eta zirkunnabegazinoan, atxakia ezin hobea euskal kulturea aztertu eta gure ondare artistikoa berreskuratzeko; eta era berean, baliogarria da euskaldunek munduko hainbat kulturakaz izan zituen hartu-emonak eta horreek gure musiketan itxi daben arrastoa erakusteko.

Urte biko ikerketa lanaren ondoren lana salgai dago eta salmenta-leku nagusietan eskura daiteke, bai saltoki fisikoetan, bai online, baita nazinoarteko plataforma digitaletan be.

Lanean 50 artista baino gehiagok parte hartu dabe, horreen artean Donostiako Orfeoi Gazte eta Txikiko ahotsak. Horreez gan, munduaren inguruko lehen bireagaz eta XVI. mendeko nabegazinoagaz loturea daben herrialdeetako artistek egin dabe euren ekarpena, besteak beste, Darlene Gijuminag (MicMac, Kanada), Halldor Mar Stefanson (Islandia) edo Deta Astari (Indonesia) kantariek; Xabier Amuriza bertsolariak eta Xabier Leturia panderojoleak be parte hartu dabe grabaketan, ia ahaztuta egozan musikak euskal kantutegirako berreskuratuz.


Euskal nabegazinoaren urrezko aroa

50 konposizinotan Solinís eta Euskal Barrokensemblek euskal nabegazinoaren urrezko aroko kantu eta jantzen errepertorioa interpretau dabe. Taldeak zenbait pieza berregin ditu garaiko melodia eta testuak erabiliz. Errepertorio horren bidez, Juan Sebastián Elkano: el primer viaje alrededor del mundo lanak hainbat herritako musika eta testu landuak nahiz ahozko tradizinokoak jaso ditu, besteak beste, Euskal Herria, Gaztela, Andaluzia, Italia, Amerika, Moluka uharteak, Terranova eta Islandiakoak.

CD bikotxagaz batera doa liburuxka bat, hainbat hizkuntzatan idatzia –euskeraz, gaztelaniaz, katalanez, frantsesez, ingelesez, alemanez eta italieraz-; liburuxkan jasota dagoz abestietako berbak, Sevillako Unibersidadeko katedraduna dan Pablo E. Perez-Mallaina eta Euskal Itsas Museoko zuzendaria dan Xabier Alberdi historialarien testuak testuinguru historikoari buruz, baita Antonio Pigaffeta kronikagile veneziarraren -bidaiaren kronikea idatzi ebana- eta Juan Sebastian Elkano beraren jatorrizko testuak be.

Euskal Barrokensembleko kideek nabarmendu dabe musikea mugarik bako hizkuntzea dala, eta historian zehar kultura aniztasuna islatzeko gaitasuna dau. Euren ustez, Elkanoren eta munduaren inguruko birearen bidez, musikea entzuleakana heldu eta hunkiarazoteko tresna ezin hobea da, baita Euskal Herriko historiaren atal horrek merezidu dauen garrantzia aldarrikatzeko be.

Enrike Solinísek Dibulitoon-en Elkano, la primera vuelta al mundo film luzearen soinu bandan be parte hartu dau; filmak Euskal Barrokensembleren lan diskografiko honen pasarteak ditu harensoinu bandan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu