Amorebieta-Etxanok argazkigintza eta naturea buztartuko dituan jardunaldia atondu dau
2019-07-01 08:40 KultureaGaragarrilaren 1etik aurrera, izena emon daiteke.
Amorebieta-Etxanoko Udalak Ametxen bidez jardunaldi berezia antolatu dau naturako argazkiak eta bideoak aterateko. Jardunaldia 2020ko urtarrilaren 26an egingo da eta izena emoteko epea datorren astelehenean hasiko da, garagarrilaren 1ean. Plazak mugatuak dira.
Jardunaldiak 2020ko urtarrilaren 11tik 31ra egingo dan argazki erakusketeagaz bat egingo dau. Erakusketea Zelaieta Zentroan egingo da, erakusketa-gelan, De Pedro argazkilariaren eskutik.
Jardunaldira doazenek merkaduko markarik onenetako material fotografikoa eta behaketarako materiala izango dabe. Gainera, sektoreko izen ezagunek parte hartuko dabe 100 bat lagun Zelaieta Zentroan batuko dituan ekitaldian. Ekitaldi honek argazkilaritzarako zaletasuna eta naturea buztartu nahi ditu eta, aldi berean, sektoreko azken aurrerapenak ezagutarazo.
Interesauta dagozanek, posta elektroniko bat bialdu leikie euren datuakaz (izen-abizenak, NAN; helbidea, telefonoa eta e-posta) ondoko helbidera: nomadassinfronteraszornotza@gmail.com
Informazino gehiago: 946733458
Naturearen argazkiei buruzko jardunaldia, 2020ko urtarrilaren 26an
Egitaraua
8:30: Agiriak emon.
09:00: Hizlariak aurkeztu.
09:15: Hides El Taray, Toledoko probintzian dagoan finka bat da. 1.100 hektarea ditu eta han dago Tarayko urmaela. 20 ezkutaleku edo hide ditu urte guztian txoriei argazkiak atera ahal izateko.
10:00: De Pedro Argazkilaria. De Pedro Argazkilaria Amorebietan dendea dauen familia enpresa bat da. Erreportaje sozial eta industrialetan adituak dira, argazki zein bideoetan. FEPFIk argazkilari maisu izentau dau eta Espainia mailako hainbat sari ditu. Azkena 2019an irabazitakoa: Goya Fotografia Saria ezkontzen atalean.
Angel Herraiz, irudiaren profesionala, Burgosko Argazkilarien Alkarteko gaur egungo presidentea, FEPFIko argazkilari maisu instruktorea eta nazinoarte mailako hainbat sari dituana.
11:00: Deskantsua eta kafea.
11:20: Foto Samar. Argazkilaritza sektoreko banatzaile garrantzitsuenetako bat da, 70 urte baino gehiagoko esperientzia dauena Bizkaian. Merkaduan dagozan markarik ezagunenetako argazkilaritza eta behaketako materiala erakutsiko deuskuz eta horreen nobedadeak.
12:00: José Manuel Hiniesto. Kamera-operadorea, hainbat ikus-entzuneko egin dituana naturearen behaketa eta iraunarazpenera dediketan diran enpresentzat. Hainbat dokumental erakutsiko deuskuz eta zelan egin dituen azalduko deusku.
12:45: Barriketaldia, eretxi-trukea eta taldeko argazkia.
14:00: Bazkaria.
16:00: El Millarón, 3.000 hektarea inguru dituan finka hau San Pedroko mendilerroan (Extremadura) dago. Bere nekazalturismoan ostatu hartu daiteke eta iberiar harraparien populazino garrantzitsu bat ikusi eta argazkiak atera, bertako hide edo ezkutalekuetatik.
17:00: Manuel Montero. Caceresko argazkilari hau hidrohide edo ur gaineko itxaronlekuetan aditua da. Uretatik argazkiak atera daitekez ikusiak izan barik, eta emoitza harrigarriak lortu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!