Iratxe Fresneda saritu dabe Porton

Bizkaie! 2019-06-25 10:43   Zinemea

Nazinoarteko dokumentalik onenaren saria emon deutsie Lurralde hotzak filmari.

Portugalen, Porto Femme Nazinoarteko Zinema Jaialdian erakutsi dabe Iratxe Fresneda sortzaile bizkaitarraren Lurralde hotzak (Cold Lands) filma. Baina, erakutsi bakarrik ez, saria be emon deutsie, nazinoarteko dokumentalik onenaren atalean. Apirilean estreinau eban zinema-aretoetan, eta ikusleen partetik kritika onak izan zituan. Oraingoan, Portotik epaimahaiaren partetik jatorko errekonozimendua.

Euskal Herriko itsas-paisajeetatik abiatuta, Europa iparraldeko herrialde hotzetara heltzen da kontakizuna, Suedia, Danimarka eta Islandiara adibidez, egileak berak egindako bidaiea oinarri. Puzzle erako muntaia baten bidez, eta fikzinoa eta errealidadea buztartuz, paisajeak beste zentzu batzuk hartzen ditu. Fresneda, zuzendaria ez eze,dokumental honen gidolaria be izan da.

Porto Femme jaialdia ekimen barria da, aurtengoa bigarren edizinoa izan da. Halandabe, hainbat herrialdetako filmak egon dira sail ofizialean. Berezitasun nagusia zera da, parte hartzen daben film guztietako zuzendariak emakumeak dirala. Era horretara, emakumeek egindako zinemea bistaratzen dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu