Lau liburu barri dakarz Bilboko Udalak
2019-06-25 09:16 KultureaGabriel Aresti eta Blas de Otero lehiaketa literarioak irabazi dituen lanak irakurgai dagoz.
2017 eta 2018ko edizinoetan Bilboko Udalaren literatura-lehiaketa nagusi bietan irabazi eben testuak lau liburutan argitaratu barri ditue, horreek idazlanak gizarteratzeko helburuz. Dagoeneko dendetan erosi leitekez, edo, bestela, Bilboko liburutegi-sarean be badagoz.
Blas de Otero poesia lehiaketeari jagokonez, 2018ko irabazle biak, euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeetakoak plazaratu ditu Udalak, Erein eta Devenir argitaletxeakaz lankidetzan. Euskerazkoa Paloma Rodríguez Miñambres idazle eta irakasleak irabazi eban, Oroimenaren xaflakortasunaz bildumeari esker. Gaztelaniaz, Ángela Álvarezen Palabra vegetal aukeratu eban epaimahaiak.
Gabriel Aresti ipuin lehiaketako irabazleak moltso bitan banatu ditue: 2017 eta 2018ko euskerazko modalidadeko irabazleak batetik, eta urte berberetako gaztelaniazkoak bestetik. Azken modalidade horretako liburuan, Marcelo Britos argentinarraren Vienen eta Antonio Tocornal espainiarraren Cundi Macundi kontakizunak sartu ditue, baita akzesita eskuratu eben beste lau ipuin be.
Euskerazko irabazleak, ostera, honeek izan ziran: Amaia Lekunberri Ansola kazetariaren Ezkontza eta Gilen Mejutoren Mutxikina eta zuztarra. Lekunberriren lanaren kasuan, epaimahaiaren eretxian ipuin freskoa eta ausarta da, eta orijinaltasuna eta punturik erabili barik lerroalde luzeak idazteko zailtasuna be nabarmendu zituan. Gilen Mejutoren alde egiteko, unibertso txiki eta erakargarria, orijinaltasun handiz sortzeko trebetasuna aitatu eban epaimahaiak. Euskerazko lau akzesitak be sartu ditue argitalpenean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!