Asier Iturraldek eta Aintzane Usandizagak irabazi dabe Etxepare Saria
2019-06-25 08:08 KultureaEtxe honetan album ilustraduaren egileak dira.
Galtzagorri Alkarteak antolatzen dauen Etxepare Sariketako 2019ko irabazleak Asier Iturralde eta Aintzane Usandizaga gipuzkoarrak izan dira, Etxe honetan albumari esker. Pamiela argitaletxeak kaleratuko dau obrea udagoienean, eta 5.000 euro emongo deutsez egileei.
Inozko edizinorik emonkorrena izan da hau, Galtzagorri Alkartearen arabera. Izan be, 23 album ilustradu aurkeztu dira Etxepare lehiaketara, sekula baino gehiago. Epaimahaikoen arabera, irabazleek ederto buztartu ditue berbea eta irudia komikiaren trazuak dituan album eder honetan. Berba gitxi baina nahikoen bitartez topikoetatik iges egiten dau, eta lerro artean erakusten deusku familia amak, osabak eta aitatutako pertsonaia biek osotzen dabela, aitita gizon euskaldun moderno bat dala eta zaintza lanez arduratzen dala.
Irudiei jagokenez, errekurso narratiboak nabarmendu ditu epaimahaiak: etxea bera beste pertsonaia baten moduan tratau dabe, marrazkiek kontakizunari ekarpena egiten deutsie eszena bakotxean eta detaileei begira egotera konbidetan gaitue. Leire Bilbao idazlea, Leire Salaberria ilustratzailea eta Idoia Sobrino liburuzaina egon dira epaimahaian.
Asier Iturraldek eta Aintzane Usandizagak Biko-Teka programan parte hartu dabe oraintsu. Galtzagorrik eta Iruñeko Udalak antolatutako saio horreetan, umeentzako euskerazko album ilustraduak egiteko bultzadea emoten jake sortzaileei. 2017 eta 2018ko edizinoetan be, Biko-Tekan ibilitako autoreek irabazi eben Etxepare Saria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!