Musikearen Europako Eguna da gaur

Bizkaie! 2019-06-21 09:25   Musikea

Ekitaldi bereziak egongo dira hainbat lekutan; berbarako, Bilbon eta Barakaldon.

Bagilaren 21a, udako solstizioaren eguna, Musikearen Europako Eguna be bada. Hori dala eta, kontinenteko uri eta herri askotan kontzertu bereziak eta bestelako ekitaldiak antolatzen ditue. Bilboko eta Barakaldoko udalek be bat egin dabe ospakizunagaz.

Bilboren kasuan, Abando eta Indautxu barrutietan egingo ditue ekitaldiak. Indautxu Plazan, Ertzilla eta Diputazino kaleetan, Casilda Iturrizar parkean eta Abandoibarrako pasealekuan, eguerdiko 12:00etatik iluntzera arte, kalejirak, txistulariak eta kontzertuak egongo dira.

Ekitaldi batzuk aitatzearren, Bilbao Musikako ikasleek piano errezitaldia emongo dabe Salveko zubiaren azpian, 17:00etan, eta 20:00etatik 21:00etara, ostera, pianoa joten dakian edozeinek parte hartu ahal izango dau.

Diputazino kalean, 18:00etan hasita, Muzzik Arte Akademiaren txandea izango da, Azeri, Down The Ladder, Alberto Núñez & Cuarteto Valardi, Leie Meie eta Space Octopus konboen eskutik. Casilda Iturrizar parkean, ostera, Bilbao Musikako konboek joko dabe.

Barakaldon, Konserbatorio Profesionaleko eta Udal Musika Bandako kideek alaituko dabe arratsaldea. Munoa finkan hainbat diziplinatako dobako kontzertuak eta Fuensanta Figueroak zuzendutako Konserbatorioko Banda Sinfonikoaren amaierako kontzertua entzun ahal izango dira. Herriko Plazan, 19:30ean, Udal Musika Bandeak herrialde ugaritako doinuak joko ditu.

Gure uriak musika tradizino luzea dau, eta horregaitik nahi dogu geure Konserbatorio Profesionalean egiten dan lana agertu Musikearen Europako Egunean, geure uriaren soinua musikearen erritmoan entzun daigun, adierazo dau Nerea Cantero Barakaldoko Kultura zinegotziak.

Musika Bulegoaren aldi barria

Beste alde batetik, Euskal Herriko Musika Bulegoaren arduradunek Donostian azaldu dabenez, erakundea aldi edo fase barri baten sartu da. Betiko helburuari eutsiko deutsie, hau da, euskal musikariei babesa eta bultzadea emotea, baina eraginkortasuna hobetzeko lantaldea eratu dabe, sei musikari profesionalek osotua.

Zuzendaritza barria be badauka Musika Bulegoak, Aitor Bengoetxea lehendakari dala. Eragileetako ordezkariak ez eze, musikari batzuk be badagoz talde horretan, esate baterako, Olatz Salvador, Makala eta Unai Moraza.

Martxan dituen proiektuez gan, formakuntzeari zein nazinoartekotzeari lotutako beste batzuk sortuko ditue. Ganera, Musika Bulegoa Saria emongo dabe, 2020ko martiaren 10ean, Gasteizen.

Argazkia: Euskal Herriko Musika Bulegoa

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu