IV. Jazzineman omenaldia egingo jako Ella Fitzgeraldi

Bizkaie! 2019-06-19 13:46   Zinemea

Ekimena Bilboko Arte Eder Museoan egingo da lehen aldiz.

Jazzinema urtean behin antolatzen dau Euskadiko Filmategiak Donostia Zinemaldiaren eta Heineken Jazzaldiaren laguntzinoagaz eta laugarren urtez emongo ditu zinemearen eta jazzaren arteko loturea islatzen daben filmak. Hiru ardatz nagusi ditu: soinu‐bandan jazza nabarmen daben filmak, jazz‐musikariak protagonista dituen filmak eta jazzaren eragin nabarmeneko filmak. Jazzinemearen 4. edizinoan, horren guztiaren adibide egokiak ikusiko ditue diziplina artistiko bi horreen zaleek. Jazzinema garagarrilean egingo da Donostian, Tabakaleran, eta, aurten lehenengoz, Bilboko Arte Eder Museoan, Getxoko Nazinoarteko
Jazzaldiaren laguntzinoagaz.

Aurten, Frantziako zineman jarri da arreta nagusia, soinu‐bandan jazzmusikariak sartzeko orduan izan dauen garrantzia azpimarratzeko; berbarako, À bout de souffle (Al final de la escapada, Jean‐Luc Godard, 1960) Nouvelle Vague mobimentuaren sorrerako film bat da, eta haren soinu‐bandea, Martial Solalena, mitikoa da. Roger Vadim Choderlos de Laclosen klasikoagaz ausartu zan 1959an (Les liaisons dangereuses), eta aktore handiak izan zituan zerrenda‐buru: Jeanne Moreau, Gérard Philipe, Jean‐Louis Trintignant eta Boris Vian idazle eta jazz‐musikaria. Soinu‐bandan, barriz, Art Blakeyk, Duke Jordanek eta Thelonious Monkek hartu eben parte, besteak beste. Frantziako jazzaren eta zinema baltzaren adibide bikaina da Un témoin dans la ville filma (Sólo un testigo, Édouard Molinaro, 1959); Barney Wilenen musikeak biziagotu egiten dau filmeko jazarpen‐eszenea eta hor ezin distiratsuagoa da Lino Venturaren
interpretazinoa.

Atlantikoa zeharkatuta, Touch of Evil (Gaizkiaren ukitua, Orson Welles, 1958) ikusi ahal izango da; Henry Mancini handiaren jazz‐musika latindarra dakar ugari. Radio Days (Días de radio, 1987) filman, barriro ikusten da Woody Allenen zinemea ezin dala ulertu jazzik barik; zuzendaria Donostian dabil egunotan figurante bila filmazinoa hasi baino lehen. Euskadiko Filmategiak estreinaldi bat programau dau ekitaldia amaitzeko, eta, haregaz, jazzaren historiako benetako izar bat omendu nahi dau: Ella Fitzgerald: Just One of Those Things (2019) filma, britainiar dokumentalista ospetsuenetako batek (Leslie Woodhead) jazz‐izarrari buruz egina.

Zinema‐saioak 19:00etan izango dira, Tabakalerako zineman (Donostia) eta Bilboko Arte Eder Museoko auditoriumean. Sarrerak 3,5 euroan dagoz salgai. Bilboko Arte Eder Museoko emonaldietarako sarrerak museoko leihatilan eta www.museobilbao.com webgunean egongo dira salgai (Museoaren Lagunek 2 €‐ren truke erosi ahal izango ditue zinema‐saioetako sarrera orokorrak). Tabakaleran (Donostia) egingo diran emonaldietarako sarrerak, barriz, Tabakalerako Informazino Puntuan eta ticket.kutxabank.es/tabakalera webgunean egongo dira eskuragarri (Donostia Kultura edo Tabakalera txartela dabenek % 10eko deskontua izango dabe emonaldi guztietan).


Jazzinema

-2019/07/05 (19:00) [Bilboko Arte Eder Museoan]: ELLA FITZGERALD: Just one of those things (Estreinaldia).

- 2019/07/06 (19:00) [Bilboko Arte Eder Museoan]: TOUCH OF EVIL (Orson Welles, 1958) + LES LIAISONS DANGEREUSES (Roger Vadim, 1959).

- 2019/07/12 (19:00) [Bilboko Arte Eder Museoan]: LES LIAISONS DANGEREUSES (Roger Vadim, 1959).

- 2019/07/13 (19:00) [Bilboko Arte Eder Museoan]: À BOUT DE SOUFFLE (Jean‐Luc Godard, 1960).

- 2019/07/20 (19:00) [Bilboko Arte Eder Museoan]: UN TÉMOIN DANS LA VILLE (Édouard Molinaro, 1959).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu