Plentziako VIII. Mikrofilm Lehiaketan The Renegados bilbotarrek joko dabe
2019-06-17 11:58 ZinemeaMikrofilm garagarrilaren 26an eta 27an izango da Plentzian.
Kronika baltzaren harian, munduko herrialde askotatik, besteak beste, Txina, Venezuela, AEB, Polonia eta Australiatik, hartutako 500 hautagai baino gehiago izan dira, baita Euskadikoak eta Kataluiniakoak be eta antolatzaileek 18 hautatu ditue lehiarako. Epaimahaian, barriz, hiru emakume dagoz: Sensi Nuevo, Macarena Astorga eta Francy Fabritz.
Hau ez da sekretu bat, gogoan hartzen dauenarentzat sano garrantzitsua dan informazinoa baino. Lasai, komunikatu hau idatzita dago beraz ez da sekula desagertuko. Beraz aitatutako lasaitasuna baztertu eta egon adi. Xuxurlatuizu mezua. Jarraian, kaltebako berba batzuk esango dituzu, alkartutako hamaika letra helburu zehatz bategaz, amets bat erakustea, zure film laburra.
Programauta gagoz eta gure espeziea inteligentea dala pentsau arren gure mono sapiens instintoaren gatibuak gara, pantaila barruan zein kanpoan fatale-gaz tontakeriak egiten hainbeste gozetan dauen instintoarenak hain zuzen be. Jaboiari alergia daukotson eta pistola bi dituan tximinoa emoten dauen Ignatius komikoak esan bezela, ule gehiago ala gitxiagogaz, hobeto edo txarrago apainduta, kaioletan sartuta dagozan tximino bereziak baino ez gara. Pistola horreetako bat, Cupidoren gezien antzera, maitasunez kargauta dago; bestea, ostera, ke artean galdu eta min emoteko prest dagozan balakaz; azken finean, tximinoak berezkoak dituan ongia eta gaizkia. Horreek dira, era onean eta txarrean, autortzen gaituan kutxa baltzak eskaintzen deuskun ikus-entzunezko edukien protagonistak. Bidea erakusten deuskun gure egongeletako lehio baltz hori, egun baten Sinai menditik ohiu hotsean Moisesek egin eban legez. (...)
Zergaitik berba egin guztiz armauta eta apainduta dagozan tximinoei buruz? Zer ekar leikio eboluzinoaren teoriak genero baltzari? Imaginazinoa erabiliz gure genero maitea eboluzinoaren teoriaren laguntzaz aztertzen badogu, ondokoa ikusiko dogu: oinordetzan hartutako ezaugarri batzuk kenduta, aldaketearen printzipioa bardina da, hau da, ingurumena; aldaketa geologikoak, eguneratutako estrategia industrialak, elikagaien eskasia, gidoi original eza, kalidade ezbardinetako isurkari genetikoak, internet, espezie barrien agerpena, transgenikoak, transgeneroak, adimen artifiziala, HAL, Netflix, EITB, eta pantailea bere konfesionario bihurtu dauen publikoaren gustu aldakorra.
Errealidadea eta fikzinoaren arteko mugea lausotu egin da. Aita Santuaren argazkia hormatik kendu eta bere lekuan kutxa baltz bat jarri dogu, inoren krimenen konplize bihurtuz, bersikuloakaz pekatuak parkatzen deuskuzan kutxa leloa. Askoren eretxiz inoiz baino argiagoa eta errealistagoa bilakatu dan kutxea; geugaz batera oinez, jaten eta amesten be ikasi dauen kutxea; mono sapiens zein zoragarria dan gogoratzen deuskun kutxea, eta behin debaldeko epea igarota, 36 euroren truke konektetan gaituan kutxea. Eta Ignatiusen antzera, pistola bi dituan tximinoa nazela autortzen dot, eta zintzo-zintzo kasu egiten deutsat bakea, enpatia, instrukzinoak eta miserikordia eskaintzen deustazan kutxa argi-ilun horri.
Musikea
The Renegados (Bilbo) esperientziaz ganezka datorren taldea da, blues eta boogie-a rockagaz nahastautako soinuetan maisu. Hegoaldeko rocka eta britainiar hard rock estiloak buztartzen ditue psicodelia ukitu bategaz.
Kronika Baltza Kristo Putogaz
Lutxana – Barakaldon jaioa. 26 urtegaz Soziologian lizentziau zan promozinoko notarik eta txarrenagaz. Jimador X egaz batera, Boskovita TV, sortu eban, oraindino lanean dabilzan proiektua.
Baxujolea eta burrukalaria Matutano taldean (2009tik) eta La Gallina Vascako telebistako kritikoa izan zan 2014. urtera arte. Gaur egun Creative Katarsisen kaskarkeriaren alde dabil eta John Wayne, Kim Deal, Mondo Brutto edota Fernando Vallejo antzera danil edo horretan saiatzen saiatzen da.
Aretozaina VIII
Travis Bickle-k, Scorsese-ren eskutik, maisulan moduko ia bi orduko historio bat kontetako New Yorkeko mafiaren munduko lekurik sakonenera joateko ahalmena baeban be, guk askoz be hurrunago joateko asmoa dogu. Z Zinema zikloaren putzu eta hobi ilunetako txokoetatik urpean uger egin eta jakin eizue, zuentzat baino ez dogula egin.
Garagarrilaren 26an eta 27an pantaila kalera aterako da, eta Santa Maria Magdalena eleizea lekuko eta publiko fidel baten aurrean, 18 fil labur lehiatuko dira Halcon Maltes nork eskuratuko. Libratu agendak plan ezbardin baterako, mono sapiensaren antzera, mundu hobeago batetik aldentzen dauen distantziaz jaubetuta aurrera egiten dauen herri batean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!