Zubiaurretarren memoria grafikoa batu dau Arte Eder Museoak

Bizkaie! 2019-06-04 13:22   Kulturea

Argazki eta grabazino ugari egin zituen pintore biek.

Margolari lez dira ezagunak Valentín (1879-1963) eta Ramón (1882-1969) Zubiaurre, baina sorkuntzearen beste alderdi batzuk be landu zituen, batez be, zinemagintzea eta argazkilaritzea. Euskal Museoagaz eta Petronorregaz lankidetzan, pintore bien alderdi izkutu horren memoria batzen dauen erakusketea ipini dau Bilboko Arte Eder Museoak. Urriaren 6ra arte egongo da Zubiaurretarrak. Memoria grafikoa.

Familiak emondako materiala dago museoan gehienbat. 1.200 argazki gorde dira, batzuk kristalezko xafla negatiboak, beste batzuk kopia positiboak. Ikus-entzunezko lanak 27 dira. Horreen bidez ikusten da zubiaurretarrek argazkigintzea eta zinemagintzea sakon landu zituela. 1898an ekin eutsien argazkilaritzeari, eta 1927tik, zineman be ibili ziran.

Zubiaurretarrek jardun amateur eta pribadutzat eukiezan argazkilaritzea eta zinemea. Hortaz, ondare hori guztiori alderdi artistiko edo dokumentaletik aztertzea alferrik da; sasoi haretan zabaltzen hasi zan erabilera pribaduaren barruan ulertu behar dira irudiok, familiako bizimoduaren erakusgarri lez. Dana dala, zubiaurretarrak artistak izanik, kultura bisual aberatsa eukien, eta euren konposizinoak ohiko amateurrenak baino hobeak ziran.

XX. mende hasierako albumetan, hurreko memoria eregiten dabe zubiaurretarrek, Euskal Herrian egindako egonaldietako argazkien bidez. Urte batzuk geroago, familiako irudiak hartzen hasi ziran, zinematografiaren bidez. Lehenengo aldiko argazkien eta bigarreneko filmen artean antzekotasun ugari dagoz, gaietan zein kokapen geografikoan.

Bilbotik kanpora be, zubiaurretarrek itxitako ondare horren zati bat ikusi ahal izango da, Garain hain zuzen. Anaia biek lotura estua eukien Durangaldeko herri horregaz. Hortaz, Garaiko Udalaren laguntzinoagaz, argazki eta film batzuk aukeratu ditue San Juan Ebanjelariaren eleizan erakusteko. Abuztuaren 4ra arte, zapatu eta domeketan egongo da zabalik Garaiko erakusketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu