Sra. Polaroiska eta L'Alakran dira Azkuna Zentrora batutako lehen AZ Kideak

Bizkaie! 2019-05-31 13:21   Kulturea

Artista AZ Kideak proiektua Euskadin dagoan era honetako ekimen bakarra da.

Bilboko Azkuna Zentroan batu dira gaur Fernando Perez, Azkuna Zentroko burua, Oscar Gómez, Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe eta hor jorratu ditue Artista alkartekide programa barriaren gaineko gorabeherak.



Sra. Polaroiskak No hay edad para el ritmo instalazinoa aurkeztuko dau bagilaren 8an, jantza kolektiborako eta belaunaldi arteko proposamena, mobiduten dagozan gorputzak begituteko gonbidapena. Proposamen honen bidez, zalantzan jarri nahi da zenbait kanon eregitea, aurreretxiz eta estereotipoz beterik dagoan irudi soziala eta kulturala bertan behera ixteko. Ez dago edaderik erritmorako, beraz, gozau daigun, jantzan egiteko plazer hutsez.

Sra. Polaroiska Alaitz Arenzanak eta Maria Ibarretxek eratzen dabe. Euren obrak zinema esperimentala, ekintzako artea, eta sorkuntza eszenikoa eta koreografikoa ditu ardatz. 2017an, Gure Artea saria irabazi eben, sorkuntzan egiten daben jarduerearen onespen legez. Arte-zentro eta nazinoarteko jaialdi askotan erakutsi ditue pieza eszenikoak eta ikus-entzunezkoak.

Sra. Polaroiska Artista AZ Kidea da. Sorkuntzea bultzatzeko arlo barri honek laguntzinoa emon nahi deutse euren lanen bidez hizkuntza artistikoei buruzko begirada iradokitzailea dakarten artistei.


Oscar Gómez Mata - L'Alakran

Bagilaren 6tik 8ra, Deriben Katalogoa, Oscar Gómez Mataren txandea izango da. Artisteak Deriben Katalogoa zuzendu eta jarduera horretan zenbait deriba gauzatzea proponiduko dau, eguneroko uri-paisajeak behatzea eta esploretea landuz.

Oinez ibilteko ekintzaren bitartez uri-paisajearen eta parte-hartzailearen barruko-biziaren artean loturak finkatzeko asmoa daben praktikak dira deribak. Ezustekoa izartu, guztiok dakiguna eta ezagutzen doguna berrasmau eta probau.

Sinkronikotasuna eta serendipia piztu. Esperientzia horretatik abiatuta, material personala zelan sortzen dan ikusi. Deribaren idea, aldez aurretik jasotako jarraibideakaz lekualdatze edo ibilbide fisiko eta mental lez irudikatuta, parte-hartzailearen ikuspuntua aldatzen ahaleginduz. Ariketa hori eginez, deriba material artistikoa sortzeko tresna be bihur daiteke. Lekualdatze fisikoak eta mentalak hainbat material topau eta batzea eragiten deusku, testuak, gogoetak, pentsamenduak, irudiak, soinuak... beti pentsamenduagaz lan eginez.

Oscar Gómez Mata (Donostia, 1963) Suitzan bizi eta lan egiten dau, Genevan. Aktorea, zuzendaria, egilea eta eszenografoa da. Espainian hasi zan antzerki-jardueretan, eta 1987an Legaleón-T konpainiaren sortzaile-kide izanik, ikuskizunak sortu zituan 1996ra arte. 1997an, L’Alakran konpainia sortu eban Genevan, eta zuzendaritzea, sorkuntzea, dramaturgia edo zenbait ikuskizun sinatu ditu bertan. Oscar Gómez Matak lan pedagogikoa be egin dau Suitzako Serge Martin antzerki eskolan eta Frantziako Les Chantiers Nomadesen. 2013tik, irakaslea da Manufacture - Suitza frantseseko antzerki eskolan (HETSR). Suitzako antzerki sari nazionala 2018an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu