Deiadar Mendien XVI. Eguna, bagilaren 2an, Ganekogorta mendian

Bizkaie! 2019-05-31 11:39   Kulturea

Kirola, kulturea, tradizinoa eta elezaharra buztartzeko eguna.



Elezaharrak dinoanez, adar-hotsez deitzen zan antxina Gernikako batzarretara, eta adar-hotsa izango dabe bide-erakusle bagilaren 2an, domekan, Ganekogorta mendira igongo dabenek, izan be, Deiadar Mendien XVI. Eguna izango da orduan, eta Bizkaiko tontor adierazgarrienetako baten ospatuko da egun hori. Aurreko urteetan, beste lau deiadar-mendietan ospatu zan eguna, Antonio Trueba Bizkaiko Jaurerriko artxibozainak kroniketan eginiko kontaketeari jarraituz, hau da, Gorbeia, Oiz, Kolitza eta Sollube mendietan.

Bizkaiko Batzar Nagusiak barriro eratu ziraneko 25. urteurrena ospatzeko antolatu zan egun hori, eta, usadioari jarraipena emoteko, aurten be egingo da ospakizun-ekitaldia, kasu honetan Bilboko Gailurra klubagaz alkarlanean. Goizeko 07:45ean hasiko da ibiltaldia Kobetamendiko aparkalekuan, baina parte-hartzaileek ohikoa ez dan bide bat hartuko dabe Ganekogortako tontorrera (998 m) heltzeko, ez asteburu guztietan Pagasarrira igoteko ehunka bilbotarrek hartzen daben bidea. Bilbotarrentzat mitikoa dan Pagasarri menditik, kopau bat egin ostean, Ganekogortara igongo da goizeko 10:00etatik aurrera, eguerdiko 12:00etan adarrak joteko usadioa zorrotz beteteko.

Tontorrean adar-hotsa entzun ondoren, izango da nora joan, antolatzaileek jai-gune bat atondu dabelako Pagasarriko zelaietan, eta musikea, euskal jantzak, antzerkia, indarrak barriztetako kopau bat eta igoera osoa egiten dabenentzako opari bat izango dira bertan.

Aurten, Bilboko Gailurra mendi-taldea arduratuko da kirol-igonaldiaz, eta, ohitureari jarraituz, domeka horretan emongo deutso lekukoa Lemoako Ganzabal klubaren ordezkariari, Gorbeiako igonaldia antolatu daian datorren urteko bagileko lehenengo domekan, eta era horretan jarraipena emon deion deiadar-mendietako igonaldien zikloari, urte bakotxean mendi batera igoteko.


Bost adarren errealidadea

Gaur egun egiten dan Deiadar Mendien Eguneko ospakizuna XIX. mendeko idazle eta historialariek eginiko irudikapenaren ondorioa da. Erdi Arotik, hainbat dokumentutan aitatzen ziran Gernikako Batzar Nagusietara deitzeko egiten ziran bost adar-joteak, eta idazle eta historialariek dokumentuotan oinarriturik irudikatu eben zelan egiten ziran deiok. Hiru idea honeetan oinarritu ziran:

- Erdi Aroko dokumentuetan jasoten dan errealidade instituzionala; dokumentuon arabera, Gernikan bost adar joten ziran Batzar Nagusiak hasi baino lehen.

- Lope Gartzea Salazarrek XV. mende-amaieran Bienandanzas e Fortunas lanean Jaun Zuriaren elezaharrari buruz egin eban bersinoa; horren arabera, Gernikan bost adarrak jo ostean aukeratu eben Bizkaiko lehenengo jaun mitikoa XV. mendean bizkaitarren buru izan eiten inbaditzaileen kontra burrukatzeko.

- XVI. mendeko kroniketan jasotakoaren arabera, orduan sinisten zan adar-hotsak erabilten zirala mendi inguruetan.

Datu horreen artean, batzuk egiazkoak dira —esaterako, Batzar Nagusiak hasi orduko, bost adar joten zirala Gernikan– eta beste batzuk elezaharrak eta sinisteak baino ez dira, baina XIX. mendeko egileek, datuotan oinarriturik, interpretau eben Batzarretara deitzeko bost adarrak bost menditan jo behar zirala. Pascual Madoz geografoa izan zan interpretazino hori egin eban lehenengoa, Diccionario geográfico-estadístico-histórico de España y sus posesiones de Ultramar (1850) idatzi ebanean.

Horren ostean, Antonio Trueba galdamestarra, zein Bizkaiko Jaurerriko Kronista eta Artxibozain izentau eben Bizkaiko Batzar Nagusiek 1862an eta informazinoa batu gura eban Una modesta historia general de Vizcaya lana idazteko, bere garaikide guztiek onartutako ondorioak erabili zituan eta bost mendien izenak proponidu: Gorbeia, Oiz, Kolitza, Ganekogorta eta Sollube. Hori guztia Jaun Zuriaren elezaharraren barruan txertatu eban beti. Handik denpora gitxira, ondorengo idazleek pentsau eben bost mendi horreek erabiliko zirala Batzar Nagusietara deitzeko, eta idea horrek gaur arte iraun dau bizirik.


Ikerketa lana

Bizkaiko Batzar Nagusiek agindu dabe ikerketa bat egin daitela, eta laster argitaratzekoa dan horretan aztertzen dira deiadarren usadioaren nondik norakoak, Erdi Arotik XX. mendera arteko bibliografia arakatuz eta ondorioak atarata bost adarrak joteko usadioak mendeetan zehar izan dauen bilakaereari eta errealidadeari buruz.

Zeozertxu aurreratzearren esan daiteke ikerketa-lanaren arabera, Deiadar Mendien Egun horretan alderdi bi batzen dirala: alde batetik, errealidade historiko bat, frogatuta dagoana —Erdi Aroan bost adar joten zirala Gernikan— eta, bestetik, mendeetan zehar egindako interpretazino historikoak, batez be bizkaitarren bereizgarriak (foruak, tradizinoak, ohiturak, hizkuntzea...) zalantzan ipini ziranean eginak. Kontua da daborduko ohiturea dala, urtean-urtean egiten dana, ohitura oso bizkaitarra eta oso bizia, kirola, naturea, tradizinoa, historia eta elezaharra bateratzen dituana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu