Ttap aldizkari digitalak beste edizino bat izango dau Nafarroan

Bizkaie! 2019-05-30 12:42   Kulturea

2018an sortutako Ttap aldizkari digitalak beste edizino bat estreinauko dau asteon.

Nafarroatik nafarrentzat

Edizino barriak Nafarroako hurreko gaiak eta personaiak landuko ditu hamabostean behin, irailetik Bizkaia eta Gipuzkoarako astero argitaratzen dituan edizinoak osotuz. 

Nafarroako edizinoa hamabostean behin kaleratuko da, aste honetan bertan hasita. Beste edizinoetan legez, bertako kolaboratzaile eta eretxi emoileek hartuko dabe protagonismoa, besteak beste, Anabel Arraiza, Angel Erro, Mikel Idoate, Santi Leone, Oskia Ugarte, Garazi Arrula eta Aingeru Epalzaren sinadurak izango dira presente aldizkari digitalean.

Edizinoaren koordinazinoa Juan Kruz Lakastak egingo dau. Kazetariak aldizkariaren balio sinbolikoa azpimarratu dau: Posiblea eta egingarria da euskeratik eduki zein forma aldetik komunikabide barritzaileak sortzea, eta Ttap da horren adibide. Nafarroako euskaldunei be eduki propio eta barritzaileak eskaintzea edizino nafar baten bidez aurrerapausu handia da, eta ilusino handiz egiten dogu.

Nafarroako edizinoari hasierea emoteko, Anabel Arraizak Osasunako kapitain Oier Sanjurjori egindako alkarrizketea argitaratuko dau, ohikoak dituan hiru formatuetan: testuan, audioan zein bideoan. Gainera Oskia Ugarteren eretxi zutabea be izango dau, gehi hiru edizinoetan bardintsuak diran edukiak: liburu, disko eta film gomendioak, moda aholkuak, ilustrazino animatuak... Hori guztia 15 minutu inguruan irakurteko moduko formatuan, eta nahi izan ezkero, edukia irakurri ez eze, ikusi, entzun eta ukutzeko aukereagaz, bideo, audio eta grafiko interaktiboei esker. Ttap aldizkari digitala Iruñerriko Euskalerria Irratia, Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike, Debagoienako Goiena eta TOKIKOM toki komunikabideen bateragunearen ekimenez argitaratzen da, Bartzelonako Esguard aldizkariagaz alkarlanean. Aldizkaria Android zein iOS sistema eragilea daben gailuetatik eskuratu daiteke, dobako Ttap aplikazinoa deskargauta

Aldizkariaren zuzendariak, Monika Belastegik, pozik iragarri dau albistea: proiektu honi ekin geuntsanean, ziurbakotasun handiz egin genduan, batez be euskarria hain barria izanda ez genkialako publikoak zelan hartuko eban, baina denporea pasau ahala, argi ikusten gabiz Ttapek badauela publikoa, eta gero eta zabalagoa dala. Orain proiektua sendotzen ikusi eta zabaltzen ikusteko aukerea izatea oso albiste pozgarria da guretzat.


Irakurri, ukutu, ikusi, entzun

Ttap aldizkaria % 100 digitala da, eta gailu mobikorretatik konsumiduteko pentsauta dago: Publiko urbanoari begira gabiz, eta batez be mobikorretik egin daitekeen konsumo azkarrean pentseaurik. Belastegik adierazo dau helburua da aldizkari osoa ordu laurenean irakurri ahal izatea, nahi dauenari, halan da be, denpora gehiago pasetako aukerea eskainiz, multimedia eduki aberastuaren bidez, izan be, Ttap aldizkaria irakurri ez eze, ukutu, ikusi eta entzun be egin daiteke, eduki multimedia eta interaktiboa bere izakerearen ezaugarri nagusienak baitira.


Harrera bikaina

Ttapek 34 zenbaki argitaratu ditu garagarrilean aurkeztu ebenetik eta publikoaren harrerea bikaina izan da, holan erakusten dabe aplikazinoak, Google zein Appleren aplikazino dendetan jasotako 4,5eko notea (puntuazinorik altuena 5ekoa dalarik). Aldizkaria argitaratzen dauen ADM enpresearen buruak, Jone Guenetxeak, esan dau Ttapen helburu nagusienetakoa esperimentazinoa dala, eta lan-taldea horretan dabilela etenbarik: formatuan, aldizkariaren tonuan, edukietan, edizinokako funtzionamenduan... Askatasuna emon deutsagu geure buruari Ttapegaz formula barriak probetako, eta asko ikasten gabiz bidean.

Esperimentetako beste alor bat edizinoena da. Orain arte, Ttapek edizino bi izan ditu astero, Bizkaian eta Gipuzkoan. Urrian, Nafarroari begirako zenbaki berezi bat argitaratu eban, eta haren erantzun ona ikusita eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, aste honetan hasita, Ttapek hirugarren edizino bat be izango dau Nafarroan. Proiektuaren arduradunek espero dabe Nafarroako edizinoak be aplikazino deskargatuenen
zerrendetara eroatea Ttap aplikazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu