Germán Guardia Jaéni egindako omenaldian parte hartu dau Bingen Zupiriak, Panaman

Bizkaie! 2019-05-30 11:58   Kulturea

Agirre Lehendakariari erbestean eskainitako laguntzinoa eskertzeko ekitaldia izan da.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Germán Guardia Jaéni Eusko Jaurlaritzeak egindako omenaldian parte hartu eban bart Panama Urian. Guardia Jaén Panamaren Anbereseko konsula izan zan eta, Gerra Zibilaren ondoren, II. Mundu Gerrea hasten egoanean, Jose Antonio Agirre Lehendakariari Amerikako Estadu Batuetara erbesteratzen lagundu eutson. Hitzordu horretara, Laurentino Guardia Jaén bertaratu zan, konsularen semea, eta emaztea eta alabea izan zituan lagun.

Atzo Euskal Selekzioak Panamako selekzioaren kontrako partidua (0-0) jokatuko ebala aprobetxauta, Eusko Jaurlaritzeak Guardia Jaén familiaren omenaldia antolatu eban, persona haren konpromisoa eskertzeko eta Euskadiko historiako pasarte hori gogora ekarteko. Zupiriak, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak lagunduta, hainbat erregalu emon eutsozan Guardia Jaéni, Iñigo Urkullu Lehendakariaren izenean, eta autortza berbak izan zituan hildako konsularen alde.

Euskal Selekzinoaren eta Panamakoaren arteko partiduaren testuinguruan Eusko Jaurlaritzeak Guardia Jaénen omenaldia antolatu eban momentuan, Agirre Lehendakariaren hainbat eskuizkribu agertu dira Manuel Intxaustik Euskadiko Artxibo Historikoari dohaintzan itxitako dokumentuen artean, eta hartu-emon zuzena dabe Lehendakariaren Gerra Zibil ondorengo erbesteagaz eta 40ko urteen hasieran Europatik Estadu Batuetara egin eban igesaldiagaz. Agirrek ordurako New Yorken finkatutako Manuel Intxaustiri idatzitako gutunotan, Lehendakariak nazionalsozialismoak okupautako Europatik urtetan laguntzeko Germán Guardia Jaének jokatu eban zereginaren garrantzia nabarmentzen dau behin eta barriro, baita haren gizalegea be. Panamako konsulak identidade faltsu bat emon eutson, baita panamar nazionalidadea be, eta, Guardia Jaénen eskuzabaltasunari esker, AEBetara erbesteratu zan. Herrialde horretan, Lehendakariak lan politiko nekaezina egin eban, gogorarazo dau Zupiriak.

Era berean, sailburuak nabarmendu dau garrantzitsua dala gure iragana gogoratzea Euskadiren oraina eta etorkizuna eregiten jarraitzeko: Eusko Jaurlaritzeak, beraz, zorra eban Guardia Jaén familiagaz, omenaldia hunkiduraz hartu dauena. Behar-beharrezkoa da gure iragana gogoratzea Euskadi eregiten jarraitzeko. Hain zuzen, Euskal Selekzinoaren partidu batek, Agirre Lehendakariak urte horreetan askatasun eta demokraziaren alde Eusko Jaurlaritzearen burrukea ezagutzera emoteko sortutako Euskadiko selekzinoarenak, zor hori kentzeko balio izan deusku.

Guardia Jaénen omenaldia Casa Urrutian egin zan, Panamako uriburuko euskal familia batek zuzendutako jatetxe ezagun batean, eta bertan izan ziran Euskadiko Futbol Federakundeko kideak be; eurek Euskal Selekzioaren kamiseta bat emon eutsen familiari. Omenaldiaren ondoren, Eusko Jaurlaritzearen bitartekaritzeari esker, Guardia Jaén familiak Euskal Selekzinoaren eta Panamaren arteko partiduaren buru izateko aukerea izan eben agintarien palkotik.

Guardia Jaénen omenaldiaz gan, Zupiria sailburuak hainbat bilkuratan parte hartu dau Panamako politika eta kiroleko hainbat erakundetako ordezkariakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu