NOKA Mentoring aliantza barriakaz indartuta dator

Bizkaie! 2019-05-29 09:43   Zinemea

65 film labur izango dira hautagai Kimuak 2019 aukeraketarako.

Datorren astelehenean, bagilaren 3an, euskal emakume zinemagileei zuzendutako mentoretza-programearen hirugarren fasea hasiko da. Produkzinorako bideratutako fase hau Itziar García Zubiri (Arena Comunicación), María Zamora (Avalon) eta Luisa Romeo (Frida Films) zinemagileek zuzenduko dabe.

Itziarrek Tamara Lucariniren El Peso proiektu dokumentalari jarraipena emongo deutso, Maria Zamorak Itziar Leemansen Agurra film luzeari, eta Luisak, barriz, Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filma landuko dau. Euretako bakotxak astebetez landuko ditu Tabakaleran (presentziala izango da) proiektuaren bideragarritasuna ziurtatzeko alderdi nagusiak, finantzaketa-plana zehaztuz eta koprodukzino estrategia posibleak aztertuz. Era berean, hilebetez jarraituko ditue proiektuak urrutiko ziberkonferentzien bidez.

Ibilbide autortua daben hiru mentoreek produkzino-eredu barrien erronkei helduko deutse mahai-inguru batean, eta publikoagaz alkarbanatuko ditue erantzun handiko pitching saio baterako gomendioak. Gorantz doan Leire Apellaniz euskal produktorea izango da hitzaldiko moderatzailea, orain gitxi Cannesseko Zinemaldiko Marché Du Filmek gure zinema-panoramako zinemagile garrantzitsunetariko legez gomendatu ebana. Mahai-ingurua arratsaldeko 18:00etan hasiko da Tabakalerako Z aretoan, eta ekitaldia networking-koktel bategaz amaituko da. Sarrera librea eta dobakoa izango da aforoa bete bitartean.

Bestalde, NOKAk aliantza gehiago egin ditu azken hilebeteotan: HEMEN alkartea be proiektura batu da, eta urtebetez, eta doban, programeak hautatzen dituan urteko hiru parte-hartzaileak alkarteratzeko konpromisoa hartu dau. IBAIA Ikus Entzunezkoa alkarteagaz lortutako akordioari esker, Tamara Lucarinik bere El Peso proiektua aurkeztuko dau Donostiako Zinemaldiaren barruan egiten dan LauHaizetara Koprodukzino foroan. Fikzinozko filmei jagokenez, lehiaketatik kanpoko proiektu gonbidatu legez aurkeztu ahal izango dira Abycine Lanzak eskaintzen dauen plataforman. Kolaborazinoak Zinemakumeak gara! erakustaldian hautatutako emakumezko zinemagileen lehengo film laburren atzera begirako ziklo bategaz zarratuko dira.

Mentoretzako azken astea proiektuak nazinoartekotzeko eta banatzeko bideak aztertu eta zehazteko bideratuta egongo da, eta hori be urrian egingo da Tabakaleran.


65 film labur izango dira hautagai Kimuak 2019 aukeraketarako

Maiatzaren 24an zarrartu eben Kimuak-en 2019ko edizinora film laburrak aurkezteko epea eta 65 izan dira izena emon daben lanak. Filmok aztertu eta epaitzeko, zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osotutako hautespen batzorde independente bat eratu da. Honako kideek osotzen dabe: Carlos Plaza: Donostia Kulturako Zinema Unidadeko teknikaria; Carmen Serrano: Andaluziako Juntako ‘Cortometrajes Andaluces’ film laburren sustapen katalogoko koordinatzailea; Garbiñe Ortega: Punto de Vista zinemaldiko zuzendari artistikoa eta Zineleku ikus-entzunezko prestakuntza, produkzino eta emonaldiak egiteko proiektuko zuzendaria; Roberto Barrueco: Bartzelonako MECAL Nazinoarteko Film Labur eta Animazino jaialdiko zuzendaria; eta Ruth Pérez de Anucita: Donostia Zinemaldiko komunikazino arduraduna eta Zuzendaritza Batzordeko kidea.

Bagilaren 11n emongo da jakitera Kimuaken 22. katalogoa osotuko dauen aukeraketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu