Euskal agintariak Panama-Euskal Selekzinoa partiduan izango dira

Bizkaie! 2019-05-29 08:07   Kirola

Javier Clemente entrenatzaileak 17 jokalari eroan ditu Panamara.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua Panamara abiatu da gaur goizean, futboleko gizonezkoen Euskal Selekzinoak herrialde horretan jokatu behar dauen partidua babesteko asmoz. Gainera, Zupiria sailburua Panamako ordezkari politikoakaz batuko da eta Gerra Zibilaren osteko erbestean Agirre Lehendakaria lagundu eban Germán Gil Guardia Jaén garaiko kontsulari egingo jakon omenaldian parte hartuko dau. Sailburuagaz batera, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria be joan da Panamara.

Joan-etorriko bidaia laburra izango da Eusko Jaurlaritzako ordezkariek egingo dabena eta agenda aldetik antolatutako ekimen guztiak gaur eta bihar izango dira. Goizean Manuel Arias Panamako Futbol Federazinoko presidenteagaz batuko dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak; horren ostean, Panaman bizi dan euskal komunidadeagaz be egongo dira.

Eguerdirako, bestalde, Guardia Jaén kontsulari egingo jakon omenaldia antolatu da. Panaman bizi diran euskaldunek sortutako Casa Urrutia jatetxean izango da Guardia Jaénen semea, Laurencio Guardia, bere emaztea eta alabeagaz batera: Bidaia honen helburuetako bat da Eusko Jaurlaritzeak Guardia familiagaz dauen zorra kitatzea. Euren eskuzabaltasuna gogoratu eta omentzea da asmoa. Eskertu egin nahi dogu Guardia jaunak erakutsitako konpromisoa Agirre Lehendakariak zuzentzen eban Eusko Jaurlaritzeagaz, azaldu dau Zupiria sailburuak.

Gogoratu behar da Guardia Jaénen konpromisoa erabagiorra izan zala Agirre Lehendakariari laguntzeko Amerikara erbesteratzen: Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz liburuan eta beste zenbait dokumentutan gogoratu ebanez, era guztietako laguntzinoa emoteaz gan, Panamako nazionalidadea eskaini jakon. Horri esker, Juan Andrés Álvarez Lastra izena hartuta, Amerikara heldu zan Agirre Lehendakaria, Europa eta hasita egoan II. Mundu Gerra atzean itxita.

Kontuak kontu, arratsaldeko 20:00etan (goizaldeko 3:00ak Euskadin) Panama eta Euskal Selekzinoaren arteko partidua izango da, Rommel Fernández estadioan. Laurencio Guardiak egingo dau ohorezko sakea partiduan.

Azkenik, Euskadira itzuli baino lehenago, Bingen Zupiria sailburua eta Jon Redondo zuzendaria laster Panamako presidente izentauko daben Laurentino Nito Cortizogaz batuko dira; maiatzaren 5ean hautatu eben Nito Cortizo presidente eta garagarrilaren 1ean hartuko dau kargua.

 

17 jokalari

Javier Clemente entrenatzaileak 17 jokalari eroan ditu Panamara, 10 Athletic taldekoak, horreetatik 5 Bilbao Athleticekoak. Iago Herrerín, Aritz Aduriz, Iñigo Martínez, Mikel San José eta Mikel Balenziaga dira lehen taldekoak eta bigarren mailakoak Asier Villalibre, Gaizka Larrazabal, Iñigo Vicente, Daniel Vivian eta Jesus Areso.

Realaren aldetik, barriz, Asier Illarramendi, Aritz Elustondo eta Ahien Muñoz joan dira Panamara. Leganés taldeak zurigorri izandako Javier Eraso eta Unai Bustinza eroan ditu; Alavés taldeak Manu García; eta Levantek Aitor Fernández atezaina.


Informazino gehiago hemen. Partidua jarraitu Euskal Futbol Federakundearen twiter sarean: @EFF_FVF

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu